Erditze erosoagoetarako bi gela egokitu dituzte Debagoieneko Ospitalean

Gela berrietan erabilera askoko ohea, erditzeko aulkiak, kuxinak, baloiak eta zintak daude. Horiek guztiak erabiliko dituzte haurdunek erditzeko nahi duten postura hartzeko.

Erditzeak gozoago egiteko helburuarekin bi gela egokitu dituzte Debagoieneko Ospitalean. Ondorioz, erditzera doazen emakumeak, euren bikotekideak eta jaioberriak erosoago egongo dira aurrerantzean.
Bi gela horiek kolore atseginekin margotu dituzte, eta dekorazioa aldatu egin dute. Hala, erditzeetan beharrezkoa den materiala ginekologoaren eskura egongo da, baina, haurdun dagoen emakumearen begi bistatik ezkutatu egingo dute. Gainera, norberak aukeratzen duen erditze mota edukitzeko materiala jarri dute haurdunen eskura.

Kalinox izeneko analgesikoa

Bestalde, erditzeko minak arintzeko analgesiko berria jarriko dute haurdunen eskura. Hain zuzen ere, Kalinox izenekoa. Orain arte erabili dute Debagoieneko Ospitaleko beste zerbitzu batzuetan, eta aurrerantzean erditzeetan erabiliko dute. Haurdunek oxido nitrosoa inhalatuko dute kantitate txikietan uzkurdurak intentsuak direnean. Analgesiko berriak ez du albo-ondoriorik ez haurdunarendako ezta jaioberriarendako ere. Debagoieneko Ospitalea analgesiko berria ematen duen lehena da.

 

Jaioberria amaren bularrean

Gainera, jaioberriarenganako arreta indartzeko ahalegin berezia egiten dihardute ospitalean. Horren harira, umea jaio eta segidan amaren bularrean jarriko dute. Emakumeari zesarea egin badiote jaioberria aitari ematen diote, besoetan har dezan.

Erditzeko gelatan jarri dituzten hobekuntzekin gustura daude ospitaleko emaginak. "Berrikuntzak ezinbestekoak ziren. Dena den, Debagoieneko Ospitaleko erditzeko gelak maila onekoak izan dira beti", dio ospitaleko emagin Agurne Kortabarriak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.