Eraikinetako aurrezki energetikoa neurtzeko programa jarri du martxan Suradesak

Debagoieneko Hiri Birgaitzerako Elkarteak, Suradesak, eraikinetan isolamendua ezartzeak dakarren aurrezki energetikoa neurtzeko programa jarri du martxan. Lau etxetan egin ditu neurketok: Elgetako hirutan eta Aretxabaletako baten.

Eraikinak birgaitzeko prozesuan, hezetasunak izaten dira arazo hainbat etxetan. Isolamendu egokia erabiliz, hezetasunaren arazoak konponduta geratuko lirateke, baina ez soilik hori: eraikin osoan energia aurrezteko aukera dago.

Sudaresak azaroan martxan jarri zuen programarekin, energia aurrezki hori zenbatekoa den neurtu nahi dute zehazki: horretarako, hainbat makina jarri dituzte birgaitzera doazen etxeetan, tenperatura zein hezetasun mailak neurtzeko.

Bigarren zatia

Negu partean egin zituzten lehenengo neurketa horiek, eta aurtengo neguan ekingo diote programaren bigarren zatiari: jada birgaituta egongo dira etxeak, eta makinak berriz jarrita, ikusiko dute zenbateko aldea dagoen isolamenduari esker.

Isolamendu motak

Isolamenduari dagokionez, hiru motakoak dira Sudaresak eskaintzen dituenak: kortxoa monokapa batekin, polistirenoa zeramika plaka batekin, eta Ulma enpresak egiten dituen fatxada aireztatuekin. Aukera, eraikinen jabeen eskuetan geratzen da.

Debagoieneko lau eraikinetan egin dituzte neurketak, eta denetan egin den isolamendu maila ez da berdina izan: horrela ikusi ahalko dute zein den egokiena energia aurrezteko.

Interesa duena harremanetan jartzeko

Negua pasa arte ez da jakingo ze emaitza lortu diren. Programan parte hartzeko, Sudaresatik esan digute datorren negura arte ezingo dela ezer egin, baina interesa duena eurekin harremanetan jar daitekeela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.