Eragin txikia izango du merkataritza arau berriak ibarreko saltokietan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko uzt. 4a, 13:15

Domekan sartu zen indarrean saltokien ordutegia arautuko duen dekretu berria. Eusko Legebiltzarrak Merkataritza sailarekin batera hartutako neurriak dira horiek. Dekretu berriak 150 metro koadrotik gorako saltokiei eragingo die. Orain arte, 400 metro koadrotik gorako saltokiak zeuden araututa; baina, aurrerantzean, saltoki gehiagok errespetatu beharko dute ordutegia.


150 metro baino gehiago dituzten saltokiei eragingo die dekretuak. Aurrerantzean, gehienez, asteko 72 ordu ireki ahal izango dituzte saltokiok. Bestalde, jaiegunei dagokienez, urteko zortzi jai egunetan irekitzeko baimena izango dute 150 metro koadro baino gehiagoko saltokiek. Orain arte, neurri horiek 400 metro baino gehiago dituzten saltokiei bakarrik zegozkien. Baina arauak baditu zenbait salbuespen: gogora ezazue neurri horietatik kanpo geratuko direla saltoki bereziak; besteak beste, okindegiak, gasolindegiak eta kioskoak.

Saltoki gutxi gurean

Ibarrean saltoki gutxi dira 150 metro koadrotik gorako azalera dutenak. Mankomunitateko Enpresa Ekintzetarako Zentroko Eñaut Iraetak adierazi du Arrasateko Ibai Arte dendarien elkartean ez dagoela hain denda handirik.  Oñatiko Txanda elkartekoek ere gauza bera adierazi dute.
Saltokietan galdetuta, Oñatiko Letamendi dendakoek esan dute euren dendak ez duela horrenbesteko azalera: "Gure denda ez da 150 metro koadroetara iristen". Gaineratu du, araua errespetatzen dutela eta dekretu berriak ez liekeela eragingo. "Gaur egun, ez dugu domeketan zabaltzen; eta, Oñatin beste dendek ere ez dute domeka eta jaiegunetan zabaltzen. Orain arte arauak ez eragin arren, errespetatu egin izan dugu", dio. Hortaz, ez du uste dekretuak eragin handia izango duenik ibarrean.

EAEn 500 saltoki

Eñaut Iraetak azaldu du EAEn 500 saltoki inguru direla aldaketa honen eragina igarriko dutenak. Azpimarratu du 500 saltoki horietatik 350 txinatarrak direla. Hala, bailara osoan araua berriak eraginik ez lukeela izango uste du Iraetak.

Alkoholaren salmenta

Saltokietako ordutegiak eta jai egunak arautzeaz gain, dekretu berriak alkoholaren salmenta ere arautuko du.
Arautegi berriak herri bakoitzeko udalari uzten die eskumena alkoholaren salmenta debekatzeko 22:00etatik 07:00etara. Hala, saltokiak dituen irekiera orduak direnak direla ere, udalak eskumena izango du salmenta debekatzeko aipatutako orduetan.
Arau berriak errespetatzea da  dekretuaren helburua. Hala, arau guzti horiek errespetatzen ez dituztenek isunak izango dituzte aurrerantzean: hain zuzen ere, 25.000 euro eta 900.000 euro bitarteko isunak jasoko dituzte legea betetzen ez duten saltokiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak