Web 2.0 erremintek iraultza ekarri dute internetera; dagoeneko sarea ez da soilik informazioa irakurri eta jasotzeko tokia; gaur egun edozeinek egin dezake bere ekarpena internetera baita besteekin komunikatu ere.
David Sanchez MUko Enpresa Zientzien fakultateko irakaslearen arabera, aldaketa hori erronka bat izango da enpresentzat, izan ere, dagoeneko tresna berri honen bidez, bezeroek euren produktuak eta zerbitzuak komentatzeko edo baloratzeko aukera daukate, eta horrela merkataritza elkarrizketa bihurtzen da, non bezeroek eta enpresariek parte hartzen duten.
Sanchezek esandakoaren arabera, gure enpresak oraindik ez dira oso kontziente erronka horretaz, eta gaur egun erreminta hauek ez dira asko erabiltzen. Bere iritziz aldaketa hauek gainera, onuragarriak izan daitezke enpresentzat, harreman zuzenagoak lortuz, eta baita bezeroekin dinamika interesgarriak eratuz.
Valora egitasmoa
Debagoieneko Mankomunitateak, Europako finantziazioa jasotzen duen Valora egitasmoaren barruan antolatu zituen atzoko jardunaldiak, eta bertan, enpresa ezberdinetako 17 ordezkarik hartu zuten parte. Egitasmo honen barruan burututako hirugarren jardunaldiak izan ziren, eta arduradunak momentuz oso gustura daude erantzunarekin. Aurrera begira, enpresariei zuzendutako beste jardunaldi batzuk ere antolatuko dituztela iragarri dute.