Emunek hizkuntza jardunaldia antolatu du, 10. urteurrenaren barruan

Leire Kortabarria 2007ko urr. 8a, 17:35
Gaur, martitzena, izango da Emun lana euskalduntzeko kooperatibak antolatu duen Motibazioa eta Hizkuntza Normalizazioa delako jardunaldia. Arantzazun izango da, Gandiaga Topagunean, eta lekua beteta egongo da, izan ere, 200 lagunek baino gehiagok eman dute parte hartzeko izena. Euskal Herriko, Kanadako eta Valentziako adituek egingo dute berba gai horren inguruan. Emun 10. urteurrena ospatzen dabil, eta horren barruan antolatu dute ekintza hori.

Hitzaldiak eta mintegiak

Jardunaldia 09:00etan hasiko da, eta Emuneko presidente Ima Elexpuruk, HUHEZIko dekano Nekane Arratibelek eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren koordinazio zuzendari Erramun Osak egingo dute berba.

Lehenengo hizlaria Peter MacIntyre izango da. Kanadako Cape Breton unibertsitateko kide horrek Komunikatzeko gogoa: hizkuntza erabiltzeko motibazioaren dinamika hitzaldia egingo du. Gero, Ferran Suay Valentziako Psikologia Elkarteko kideak eta Emuneko Joxpi Irastortzak egingo dute hitzaldi bana.

Bazkalostean, lau mintegi izango dira: Komunikatzeko gogoa ulertzen eta garatzen (Peter MacIntyre), Euskaltzaleendako asertibitatea (Ferran Suay), Buruntzaldeko esperientzia: emozioen ekologiaren bidetik (Alex Mungia eta Xabier Elortza, HABE) eta Erdaldunak euskarara nola erakarri: ba al dakigu zirrikituak irekitzen? (Iñaki Eizmendi, EBETE).

Bostetan, mintegien emaitzak aurkeztuko dituzte, eta horrela bukatuko dira jardunaldiok.

Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Arrasateko Udalaren, Eroskiren, Euskadiko Kutxaren, Fagorren eta Ulmaren laguntzarekin antolatu da ekintza hori.

Ekitaldi nagusia, 24an

Emunek urteurren borobila ospatzen jarraituko du urriaren 24an, eguaztena: egun horretan, Arrasateko Amaia antzokian, urteurreneko ekitaldi nagusia egingo dute, Elkarrekin bidea egiten izenekoa. Besteak beste, kooperatiba horren 10. urteurrena dela-eta egin duten ikus-entzunezkoa ikusi ahal izango da. 16:30ean, Emun eta lan mundua euskalduntzearen inguruko erakusketa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak