Emausek denda inauguratuko du urriaren 31n

Leire Kortabarria 2009ko urriaren 9a

Emaus Fundazioak Debagoienean denda inauguratuko du urriaren 31n. Bi motatako produktuak salduko ditu han: batetik, eurek egindako –kasu honetan, Arrasateko langileek– Sin Desperdicio markako produktuak; eta, bestetik, bigarren eskuko arropa. Egunotan hasi da martxan Emausen tailerra; hiru langilek Sin Desperdicio markako produktuak egiten dihardute. Arrasateko Udalaren laguntzarekin aurrera eramandako proiektua da.

Emaus Fundazioak bukatu diren kanpainetan erabili izandako publizitate-banderak erabiltzen ditu Sin Desperdicio markako produktuak egiteko: poltsak, erosketa-gurditxoak, karpetak, diru-zorroak, giltza-zorroak… Berrerabilitako materialarekin egindako artikuluak, hortaz, eta oso prezio onean: kaleko poltsak, adibidez, 20 euro ingurutan salduko dituzte.

Horiek egiten dihardute joan den astetik Emauseko hiru langile arrasatearrek Nafarroa Etorbidean duten tailerrean. Emaus gizarteratze enpresa den aldetik, gizarte-bazterketa arriskuan zeuden lagunak kontratatu ditu. Horiez gain, beste bi lagun –komertzial bat eta tailerreko arduraduna– daude Arrasaten lanean; denak arrasatearrak dira, eta, lanpostu gehiago sortzen badira, Arrasateko jendearekin beteko dira.

Edukiontzi zurietatik, dendara

Bestalde, edukiontzi zurietatik Mankomunitateak jasotzen duen arropa ere salduko dute, behar bezala moldatuta eta sailkatuta. Hori ere merke salduko dute. "Batez ere zailtasunak dituzten familiendako interesgarria izan daiteke gure denda; baina, oro har, debagoiendarrei erakutsi nahi diegu bigarren eskuko merkatua aukera ona izan daitekeela", azaltzen du Emaus Fundazioko zuzendari Javier Pradinik.

Arrasateko Udalaren laguntza

Emausek badaramatza hamar bat urte Debagoienean ezarri nahian. Azkenean lortu dute, eta Arrasateko Udalaren laguntza ezinbestekoa izan dute horretarako: Udalak utzi dizkie lokalak, eta langileen prestakuntzaren finantzaketarekin eta hasierako bultzadarekin lagundu die.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak