Emanaldi bizi eta osatuagoak prestatu dituzte Danbakako finalistek

Maider Arregi 2009ko urt. 16a, 10:54
Talde bakoitzak 40 minutu izango ditu bere onena emateko eta asmo horrekin datoz. Sorpresaz eta sariz betetako gaua izango da gaurkoa. Petti&Banda Elektrikoa agertokitik jaitsi bezain laster, sari banaketa egingo da. Aurpegi ezagun asko ere gerturatuko dira Espaloira.

Heldu da Danbakako finaleko eguna. 24 taldeak zuzenean ikusi ostean, epaimahaiak hiru talde aukeratu zituen, gaur lehiatuko direnak. Abenduaren 22an jakinarazi genituen hiru taldeon izenak, eta ordutik finalistak lanean dabiltza kontzertu erabakigarria prestatzen. Are gehiago, aldaketa handiak ez, baina hirurek gaur egingo duten kantutegiari ñabardura batzuk gehitu dizkiotela esan digute.

Ilusioa eta urduritasuna

"Oso pozik hartu genuen epaia. Badakigu gure eskaintza lehenengoan ulertzeko zail samarra dela, baina egiten dugunean sinisten dugu. Gainera, euskaraz abesten dugunetik kimika berezia daukagu; gehiago sinisten dugu egiten duguna", azaldu zigun Adi Holden taldeko Alexek.
"Ez genuen uste finalean egongo ginenik. Sorpresa handia izan zen. Ainara abestera sartu zenetik urtebete eskas daramagu eta gauza asko gertatzen dabiltza arrapaladan. Sinisten dugu egiten dugunean, eta, harrera ikusita, badirudi bide onean gaudela", azaldu zigun The Wet Band taldeko Endikak.


"Ezustea hartu genuen epaia jakiterakoan, baina, egia esanda, Elgetako kontzertua orain arte eman dugun onenetarikoa izan zen eta oso gustura gelditu ginen. Beste taldeak ez ditugu zuzenean ikusi, baina bideoak bai", esan du Normaneko Kepak. 
kontzertu intentsuak
Finala izanda eta diskoak jokoan daudela kontuan hartuta, taldeek ahalegin berezia egiten dihardute gaurko hitzordurako.


Adi Holden taldekoek emanaldi basatiagoa egiteko asmoa dute: "Entsegu lokala kendu digute eta ezin izan dugu gura beste entseatu. Hala ere, aurreko emanaldiko akatsetatik ikasi, eta kantuak hobeto osatu ditugu, musika tarte gehiago sartu dugu kantuotan. Are gehiago, noiseagoa izango da, basatiagoa. Sari bat ziurtatuta izan arren, guztia ematera goaz".


The Wet Band taldekoek ere  kantutegia eta eszenaratzea indartu dutela jakinarazi dute: "Kontzertua antzekoa izango da, baina kantuak elkarren artean lotuko ditugu. Asmoa da gutxiago berba egin, eta musika gehiago jo; intentsuagoa egin gura dugu. Horrez gain, badugu sorpresa bat...".


Normanekoek, berriz, kantu berriak estreinatuko dituzte: "Abesti berriak idatzi ditugu eta kantutegia aldatu egin dugu. Oraingoan ere azala agertoki gainean uzteko asmoa daukagu; horretan beti saiatzen bagara ere. Finalean urduritasuna kontrolatzen jakiteak ere izango du zeresana. Hiru finalisten eta Pettiren kontzertuek musika zaleendako jaia ziurtatzen dute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak