Emaile bila dihardute leuzemia duen Oñatiko gaztearendako

Mirian Biteri 2008ko mar. 14a, 10:24
Vanessa Hernandez 27 urteko oñatiarra da eta hezur-muineko transplantea egiteko emaileak behar ditu. Haurdun zegoela jakin zuen Vanessa Hernandez oñatiarrak leuzemia zeukala, 2006. urteko martxoan. Normalean, pertsona nagusiei eragiten dien leuzemia mota du, kronikoa dena. Ingalaterran zegoela jaso zuen berria.


Alaba jaio eta gutxira, tratamenduari ekin zion. Kimioterapia saioak jaso zituen 2007. urteko urtarriletik ekainera bitartean, Gasteizen: "Kimioterapiak ez zuen eragin handirik izan egunerokotasunean. Kalera irteten zen eta gauzak bakarrik egiteko gauza zen", gogora ekarri du haren lagun Naiara Condek. Gauzak ondo zihoazen, eta abuztuan  Ingalaterra bueltatu zen, han hasitako ikasketekin amaitzeko asmoz.

Beherakada

Gabonetan, etxera iritsi zenean,  ordea, beherakada nabarmena izan zuen Hernandezek. Ordutik hona denbora luzea eman du ospitalean. Kimioterapia jaso du berriro, aurrekoa baino askoz gogorragoa dena: "Ezin da mugitu kimioterapiagatik , gurpil-aulki batean ibili behar du", azaldu du Condek.
Gainera, orain, 40 eta 42 kilo artean baino ez duela pisatzen esan du, altua bada ere: "Oso argal dago, hezurrak baino ez zaizkio igartzen". Egoera horretan ezin du umea zaindu. "Besoetan ere ezin du eduki haurra", jakinarazi du.
Conderen arabera, hura tratatzen ari diren medikuak ere "galduta" daude. "Ez dute ezer garbirik esaten, baina gauza onik ez", azaldu du.
Horren harira, hezur-muin emaileak bilatzen hasi dira gertukoak. Etxekoenak ez dira bateragarriak eta lagunek probak egiten dihardute, transplantea egiteko bateragarria den norbait bilatzeko: "Badakigu oso zaila dela Vanessarekin bateragarria izatea, baina Vanessarendako ez bada, agian beste norbaitendako balioko du", aipatu du, itxaropentsu, Condek.
Horrez gain, debagoiendarrei emaile egiteko dei egin nahi izan die: "Zenbat eta jende gehiago egon, orduan eta aukera gehiago norbait bateragarria topatzeko". Emaile egiteko telefono zenbakia eman nahi izan du, azkenik, Vanessa Hernandezen lagunak: 944 00 73 83 da zenbakia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak