Emaginek egingo dituzte aldiroko ginekologia kontsultak

Arritxu Barruso 2008ko urtarrilaren 23a

Debagoieneko Ospitalean eta herrietako anbulatorioetan, ginekologia kontsultetarako dauden itxaron zerrenda luzeak murriztu nahi dituzte. Horretarako, hemendik aurrera, aldiroko azterketak edo zitologiak emaginek egingo dituzte.

Debagoieneko ospitalean eta baita herrietako anbulatorioetan ere hemendik aurrera, bereizi egingo dituzte emakume osasuntsuei egiten zaizkien aldiroko azterketak eta ginekologia kontsulta espezializatuak. Izan ere, orain arte, sintomarik gabeko emakumeak eta patologiak zituztenak kontsulta espezializatu berean ikusten zituzten. Orain, ordea, aldiroko azterketak edo minbizia goiz sumatzeko zitologiak emaginek egingo dituzte eta ginekologoek, berriz, kontsulta espezializatuak.

Ginekologia kontsulta gehienak azterketa arruntak izaten direla adierazi dute ginekologoek. Hori horrela, aldaketa honen helburua da gaixo dauden edota arazo larriak dituzten emakumeei ahalik eta lehen arreta ematea.

Emaginek lan gehiago

Emaginek lan gehiago egin beharko dute orain, eta Arrasateren kasuan beste emagin bat kontratatu dute egun erdiz. Bergara, Oñati eta Aretxabaletako emaginek, ordea, ez dute oraingoz, behintzat, laguntzarik jasoko.

Itxaron zerrenda murriztu

Aldaketa honekin gazteengana errazago iristea ere nahi dute. Hau da, antisorgailuen inguruko informazioa nahi duten gazteek edota pilula hartzen hasi nahi dutenak emagina azkarrago bisitatzeko aukera ematea. Izan ere, azken helburua da, gaixo dagoen emakume batek 10 egunen buruan ginekologoa bisitatu ahal izatea, eta azterketa edo kontsulta arrunta eskatuz gero emaginarengana 15 egun edo hilabete bat baino lehenago joan ahal izatea.

Ginekologia zerbitzuetan, bestetik, izango da beste aldaketarik. Aurrerantzean aldiroko azterketak hiru urtetik behin egingo dituzte. Orain arte ez zegoen denbora epe hori zehaztuta.

Umetokiko minbiziaren aurkako txertoa

Zentzu honetan gaineratu dute etorkizunean, umetokiko minbiziaren aurkako txertoarekin, gero eta zitologia gutxiago egin beharko dituztela etorkizunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak