Elurra kentzeko 10 makina ibiliko dira AP-1 autobidean

Mirian Biteri 2009ko aza. 2a, 11:41
Eibar-Gasteiz autobidea guztiz zabalik dagoen lehenengo negua izango da datorrena, eta hori igarri da Foru Aldundiak atzo, domeka, indarrean jarri zuen neguko errepide-zaintza planean; izan ere, elurra kentzeko sei makina gehiago ibiliko dira aurten AP-1en. Iaz, lau ibili ziren.

Denetara, zazpi elurra kentzeko ekipo gehiago daude aurtengo neguko bide zaintza planean, eta denetara 62 ibiliko dira Gipuzkoako errepideetan.

AP-1eko Arrasatetik Eskoriatzarako zatia zabalik dagoenez aurten, elurra kentzeko hamar makina ibiliko dira datorren neguan. Horrez gain, AP-1en inguruan bi gatz biltegi izango dira, Bergarakoa eta berri bat Oxinalden; eta lau silo, bi berri Eskoriatzan eta lehengo biak Zaldumendin. Denetara, 1.200 tona gatz izango ditu. Bide zaintza planak apirilera arte iraungo du.

Urola-Deba gunea

Aurtengo bide zaintza planean, ekipo gehien dituen bigarren zonaldea da Urola eta Deba arteko errepide sarea, Arlaban, Leintz Gatzaga, Kanpanzar eta Deskarga portuak dituena. Tramu horretan, 18 ekipo ibiliko dira elurra kentzen, modu honetara banatuta: Deskargan eta 2. mailako sarean, launa ekipo; Ormaiztegi-Eizagan, hiru; Arlabanen, bi; eta Leintz Gatzagan, Kanpanzarren, Elgetan eta Azkaraten, bana. Elorregin 2.100 tona gatz batzen dituen biltegia dago, eta hamar silo daude Urola-Deba eremu osoan banatuta.

Elurra kentzeko makina gehien Goierrik eta Tolosaldeak izango dituzte: 22, iaz baino bat gutxiago, eta 2.000 gatz tona Andoainen eta Beasainen. A-8 autobidean zortzi makina ibiliko dira eta 600 gatz tona izango dira; eta Bidasoan, Oarsoaldean eta Donostialdean, bost kamioi eta 100 tona gatz izango dituzte. Gipuzkoa osoan, 6.000 tona egongo dira biltegietan.

Iaz, 14 elur alerta egon ziren, eta 10.000 tona gatz erabili ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak