Oñatiko udaletxearen aurrean egin duten kontzentrazioan adibidez, Lourdes Idoiaga alkatea, hainbat alderditako zinegotziak eta herritar ugari elkartu dira. Arelatxabaletan ere Inaxio Garro alkatea eta hainbat zinegotzi elkartu dira. Bergaran, herritar talde bat izan da batu dena. Elkarratearatzeok azken egunotan ustez ETAk burututako hiru atentatuak gaitzesteko deitu dituzte.
Hiru atentatu 24 ordutan
Zapatu gauerdian izan zen lehen atentatua, Gasteizen Vital Kutxak duen egoitzaren aurka. Bigarren aldiz, Ondarroan, bertako Ertzaintzaren komisariaren kontra. Gasteizen kalte materialak bakarrik eragin bazituen ere, Ondarroakoan hamaika pertsona zauritu ziren denera.
Hirugarren eta azken atentatua gaur goizaldean izan da, Santoñan, Kantabrian, bertako Patronatu militarraren aurka, eta bertan Luis Conde De la Cruz, 46 urteko militarra hil da.
Gipuzkoako PSE-EEren eskaria
Erreakzio ugari eragin ditu atentatu sorta honek. Juan Jose Ibarretxe lehendakariak adierazi du ETAren atentatuek gero eta nazka gehiago eragiten dutela, eta bonba bakoitzak elkarrizketa prozesua lehertzen duela.
Gipuzkoako PSE-EEk bere aldetik, prentsaohar bat kaleratu du Arrasateko alkate den Ino Galparsorori atentatua gaitzesteko eta ETAren ekintzak ez baztertzeak dakarren duintasunik eza zuzentzeko eskatuz.