Elgeta, Antzuola eta Leintz Gatzagarako berdintasunerako plana ari dira egiten

Julen Iriondo 2009ko aza. 12a, 16:12
Emakume eta gizonen aukera berdintasunerako plana egin gura du Elgeta, Antzuola eta Leintz Gatzaga biltzen dituen Bideberri mankomunitateak. Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin bilerak ari dira egiten, udaleko ordezkariek eta herritarrek berdintasunaren inguruan hausnartu eta proposamenak egin ditzaten. Otsailerako eduki gura dute gertu berdintasun plana.

Elgetak, Antzuolak eta Leintz Gatzagak osatzen dute Bideberri mankomunitatea. Debagoieneko hiru herri txikion gizarte zerbitzuak kudeatzeko sortu zen mankomunitatea da, eta esku artean duen asmoetako bat da hiru herrietarako emakume eta gizonen aukera berdintasunerako plana egitea. Iaz hasi zen prozesua, egoeraren diagnosiarekin. Atera zuten ondorioa izan zen ohiko estereotipoak bete egiten direla Elgetan, Antzuolan eta Leintz Gatzagan ere.

Bideberri mankomunitateak Elhuyar Aholkularitzaren laguntza teknikoarekin dihardu berdintasun plana lantzen. Emakundek berak homologatua du Elhuyar Aholkularitza berdintasun planak lantzeko, eta aurrez ere eginak ditu hainbat herri eta enpresatan.

Plana egiterako orduan parte-hartzeari garrantzia eman gura diote Bideberrik eta Elhuyarrek. Herritarrekin, ordezkari politikoekin eta udal teknikariekin egin nahi dute. Horretarako, bilera bana egin dute aste honetan Elgetan, Antzuolan eta Leintz Gatzagan. Eta beste bina egingo dituzte, plana diseinatzeko.

Herriotan ere emakume eta gizonak berdintasunean bizi ahal izatea da helburua. Plana otsailerako amaitzeko asmoa dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak