ELAk salatu du Eroskik hitzarmen espainiarra inposatu duela Tuteran

Asier Alkorta 2007ko ots. 2a, 11:55
ELA sindikatuak gogor kritikatu zuen, atzo prentsaurrekoan, Eroski taldea. Arazoaren iturburua, Tuterako Eroski supermerkatuetan langileek bizi duten egoera izan zen. ELAk dioenez, Madrilgo hitzarmena aplikatu zaie Tuterako langileei eta beraien egoera txartu egin da. Eroski kooperatibak erantzun egin ditu prentsaurrekoan ELA sindikatuak esan zituenak. Bere argudioak plazaratu ditu ohar baten bidez.

ELAren salaketa


ELAren esanetan, Tuterako langileei Madrilen sinatutako hitzarmena aplikatu zaie; Espainiako supermerkatu guztietan duten hitzarmen bera. Ondorioz, ELAren esanetan, Tuterako langileen baldintzak erabat eskastu dira.

Eroskiko langileek, bazkide ez direnak kontuan hartuta beti ere, 1.784 orduko lan jarduna eta KPI gehi 0,2ko soldata igoera izango dute.

Tuterako kasua izan arren, Kooperatibaren sorterrian, Arrasaten, egin gura izan zuen salaketa ELAk. Ironiaz, aipatu zuten, Eroski enpresa eredugarria dela eta itxura jatorra duela Arrasaten eta inguruetan, baina, bestetik, txapelokerra jantzi eta bere asmoa inposatu nahi diela Tuterako langileei. Hortik, prentsaurrekoa emateko aukeratu zuten logotipoa.

Tuterako langileek greba ugari egin dituztela eta aurrerantzean ere, mobilizaziotan jarraituko dutela adierazi zuen Unai Martinezek. Elkartasun keinuak, baina, Euskal Herri osora ireki gura ditu ELAK. Hala, otsailean hainbat bilkura egingo dituzte herri desberdinetako Eroski supermerkatuetan. Arrasaten, berriz, Kooperatibismoaren egoitza parean bilduko dira otsailaren 9an. ELAren esanetan, horrelako ekintzekin, agerian gelditzen da kooperatibismoaren izpiritu soziala ez dela existitzen.

Eroskiren erantzuna

Eroskik jakinarazi nahi du 23 langilek babestu dutela ELA sindikatuak egin duen protestarako deialdia. Tuterako lantaldearen erdiak hain zuzen ere.

Eroskik azpimarratu nahi du taldeak Tuteran dituen hiru supermerkatuetako langileek kooperatibista izateko eskaintza jaso dutela eta oraindik ere mahai gainean jarraitzen duela eskaintza horrek. Gainera, taldeko gainerako 13.000 bazkideen baldintza berekin izango direla hartuak talde kooperatiboan.

Onartua izan den hitzarmenaren gainean argitu dute 1.784 ordu finkatzen dituela estatuko gainerako 34 konbenioen azpitik.
Gogoratu dute ez dutela okerrera egin langile bakar baten lan baldintzak. Langileen %70ak soldata hobetu egin du. Lan baldintza berriek, gainera, onartu egiten dute borondatezko eszedentzia berezia eta lanpostua galdu gabe. Aldi berean, lanaldia murrizteko eskubidea onartzen zaie langileei eta nahi dutenean itzuli daitezke aurreko lanaldira.

Izatezko bikoteei onartu egiten zaizkie baimen, eszedentzia eta gainerako eskubide guztiak. Aldi berean, prebentzio protokolo bat onartu da haurdun edo haurra jaioberria duten langileendako. Arriskuko lanpostua izanez gero etxean gelditzeko baimena eskuratu eta kotizazioaren %100ª jasoko dute.

Konbenio honen arabera enpresa derrigortuta dago aurre jubilazioa eta errelebo kontratua eskaintzera eta lanaldi partzialeko kontratuak gutxienez 20 ordukoak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak