ELA eta LAB pozik grebak izan duen jarraipenarekin

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010eko ekainaren 11

ELA eta LAB sindikatuek deituta, metal arloko hainbat enpresek gaur ere greba egin dute. Bi sindikatu abertzaleen esanetan Debagoieneko enpresa esanguratsuek bat egin dute grebarekin; hori dela-eta, pozik daude langile asko atera direlako kalera. Bestalde, Adegik ez du grebaren gaineko baloraziorik egin gaurkoan.

ELA eta LAB sindikatuek deituta, metal arloko hainbat enpresek gaur ere greba egin dute. Atzo bezala, oraingo deialdian, CCOO sindikatuak ez du bat egin deialdiarekin. ELA eta LAB sindikatuen esanetan Debagoieneko enpresa esanguratsuek bat egin dute grebarekin. Arrasaten, adibidez, Polmetasa geldi dago; ez ordea, JMA eta Gelma. Oñatin geldi daude Cegasa, Txintxurreta eta Juan de Garay. Ez, ordea, Nemesio Zubia. Bergarara bagoaz, deialdia egin duten sindikatuen esanetan, ia Bergara guztia dago geldi. Lazpiur, Candy, Elay taldea, Torunsa eta Lacor greban daude. Aretxabaletan, bestalde,  geldi dago Sistemas Valle Leniz eta Eskoriatzan, Tesa. Eskoriatzako Ezkurrak ez du bat egin grebarekin.

Kooperatibak

Horrez gainera, oraingo honetan, kooperatibetara ere iritsi da protestarako deialdia. Proposamena izan da ordubeteko geldialdia egitea metal arloko langileekiko elkartasun moduan. Arrasateko Fagor Arrasatek, Fagor Etxetresnak eta Fagor Elektronikak bat egin dute deialdiarekin; hala ere, esan behar da erabakia ez dela loteslea izan. Oñatiko Fagor Industrialen ere baiezkoa erabaki dute. Ez ordea, Ulma taldeko kooperatibetan.

Adegik ez du ezer esan

Adegirekin harremanetan jarrita esan digute gaurkoan ez dutela greba deialdiaren baloraziorik egingo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak