Abeslari berria
2003an taldea utzi zuten kideak bueltatuko dira atzera, Ines eta Naiara abeslariak kenduta. Hala ere, neska abeslari berri bat izango dute: Neubat taldeko Libe.
Itzulera honetan izango dira, beraz: Juan Sangre (ahotsa), Ioni (2. ahotsa), Libe (2. ahotsa), Yago (gitarra), Xabi (gitarra), Iñigo (baxua) eta Heloy (bateria).
Lehen kontzertua
Birako lehen kontzertua maiatzaren 14an, eguena, egingo dute Bilboko Kafe Antzokian. Gainerako kontzertuen datak sortu duten Myspaceko orrian emango dituzte: www.myspace.com/ekonetnies
Lehengo abestiak
Yago Ekoneko kidea elkarrizketatu dute Arrasate Irratian, bertan esan duenez, lehengo Ekonen abestiak joko dituzte kontzertuetan eta ez daukate disko berririk egiteko asmorik.
Itzuleraren zergatiaz galdetuta, Yagok esan du taldea laga zutenetik beti izan dutela horrelako bira bat egiteko gogoa eta orain zela unerik egokiena.
Elkarrizketa
Yago taldekideari Arrasate Irratian egindako elkarrizketa entzuteko aukera duzue hemen:
MP3 Player
Bira aurkezteko egin duten bideoa
Taldearen biografia
Ekonen ibilbidea 1994an hasi zen. Orduan, Juan Sangre bateriak eta Xabi gitarrak, Arrasateko beste bi musikarirekin batera gerora Ekon izena jarriko zioten proiektua prestatzen hasi ziren. Sasoi hartan oraindik ezezagunak ziren, Undrop taldekoek utzitako 8 pistako mahai batekin euren kantu instrumentalez osatutako demoa grabatu zuten.
Kantuak lantzen jarraitu zuten eta urte eta erdi geroago Amatxon heavy taldeko Yagok gitarra jotzaileetako bat ordezkatu zuen. Gerora, Iskanbila eta Mad Shadows taldeetako kide Iban abesten hasi zen eta indar eta gogo handiagoarekin entseatzen jarraitu zuten denek.
Formazio horrekin Arrasateko Shot! grabazio estudiora sartu ziren eta egun bakarreko saio bukaezinean lau kantu grabatu zituzten, lehiaketa batera bidaltzeko.
1996an Heriotza taldean luzaroan aritutako Iñigok baxua hartu zuen. Jarraian kontzertuak ematen eta abesti gehiago konposatzen hasi ziren. Horrez gain, modu egokian eta denbora gehiagorekin kantuak grabatzea erabaki zuten. Prestatutako bost kantuak hainbat diskoetxeetara eta Bilbo Hiria Lehiaketara bidali zituzten; eta azken honetan klasifikatzea lortu zuten gainera.
Maketak oso harrera ona izan zuen eta hainbat diskoetxek taldearenganako interesa erakutsi zuen. Oihuka eta Mil A Gritos lehian ibili ziren, baina azkenean Gasteizko diskoetxeak taldea fitxatu zuen. Hala, urria eta azaroa artean estraineko diskoa grabatu zuten. Zurrunbilo kaotikoa Carlos Creator eta taldeko kideen artean ekoiztu zuten;
Eta kolaborazioei dagokionez Kashbad taldeko Sorkunen parte-hartzea nabarmendu behar da. Lanak oso harrera ona izan zuen; eta sasoi berean Ekon Valencia Soná lehiaketa ospetsuan sailkatu zen.
Zurrunbilo kaotikoaren aurkezpen birak urte eta erdi iraun zuen, eta Euskal Herriko bazter ia guztiak bisitatzeaz gain, Estatutik barrena ere ibili ziren. Taldearen zuzeneko bortitzak eta eszenaratze berritzaile eta biziak, piroteknia, DJak, graffitia eta beste batzen zituen. Jende asko zur eta lur utzi zituen eta jarraitzaile multzo handia lortu zuten Ekonek.
1998 bukaeran errepidea albo batera utzi zuten kantu berriak prestatzeko; eta 1999ko urria eta azaroa bitartean lan berria grabatu zuten. Milurte berriari aurre egiteko Etnia 2000 diskoak taldearen soinuari buelta erdi eman zion. Sociedad Alkoholika taldeko Jimmyk ekoiztuta, lan honetan ordura arte zuzenean bakarrik aritutako Ines, Naiara eta Ionik esku hartu zuten ahotsen protagonismoa areagotuz.
Beste aurkezpen bira bat abiarazi zuten, aurrekoa baino motzagoa, eta berau bukatu ahala Ibanen baja iragarri zuten, taldea eta lana bateratzea ezinezkoa egin zitzaiolako. Hainbat aukera aztertu ostean, Juan Sangre ahots nagusia bilakatu zen eta Fly Shit taldeko Heloyk ordezkatu zuen makilekin.
Hainbat kontzertu egin zituzten osaketa berria sendotzeko eta hirugarren diskoa grabatzera sartu ziren. Salatzen dut ere Jimmyk ekoiztu zuen eta 2002an kaleratu zuten. Lan hau, irmoagoa eta melodikoagoa da, oso kritika onak jaso zituen; eta urte eta erdiz bira egitera bultzatu zituen, taldekideen bestelako proiektuen eraginez Ekon lozorroan sartzea erabaki zuten arte. Hala, 2003ko urrian orain arteko azkeneko emanaldia egin zuten Arrasateko gaztetxean.