Ekitaldi hunkigarria Elgetan 1936ko gerraren inguruko harreragunea eta ibilbidea inauguratzeko

Egia, justizia eta erreparazioa eskatu dituzte gerrako biktimen senideek. Egiaren batzordea osatzea ezinbestekotzat jotzen dute.

Bi urteko lanaren ondorioz, ikusgai daude Elgetan 37ko gerraren inguruko harreragunea eta Asentzioko lubakiak. Espaloian egindako ekitaldia inaugurazio ekitaldi bat baino askoz ere gehiago izan da.
     Euskal Herriko txoko askotatik etorritako jendea batu da bertan, eta une oso hunkigarriak bizi izan dira. Intxorta 1.937 kultur elkarteak prestatutako ikus-entzunezkoak oroitzapen gogorrak ekarri dizkie batzuei, eta beste asko lehen aldiz jabetu dira 1.937an elgetarrek sufritutako izugarrikeriaren tamainaz.

Ekitaldi hunkigarria

Antzokia jendez lepo egon arren, 1.937ko apirileko bonbardaketetako irudiak erabateko isiltasunean entzun dira, eta emozioei eustea ez da batere erraza izan hainbat lagunen lekukotasun gordinak entzuterakoan. "Berandu datoz ekitaldiook", esan du bere agerraldian Oxel Erostarbe alkateak. "Irabazleek ezkutuan gorde nahi izan zuten gertatutakoa, eta gogorra izan arren gaur abiarazten dugun ibilbidea isiltasun hori apurtzera dator".

Ekitaldi hunkigarriari beste dosi hunkitu bat gehitu zion Joseba Tapiak. "Agur Intxorta maite" diskoko hiru kantu jo zituen eta txalo zaparradak jaso zituen Tapiak.

Bide luzea egiteko

"Egia jakiteko eskubidea dugu", esan du turismo zinegotzi Edurne Alberdik, "eta eskubide horrek urratuta jarraitzen du oraindik ere". Intxorta 1937 kultur elkarteko Juan Ramon Garai iritzi berekoa da. "Ez da oraindik biktima guztien zerrenda ofizialik egin", salatu zuen. "Guk, Izen guztiak, aurpegi guztiak izeneko egitasmoan 12.300 izen batu ditugu dagoeneko, eta aurpegia ipini diegu horietako 815-i".
     Ekitaldian, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren alde hitzegin du, halaber, Kultura diputatu Maria Jesus Aranburuk. "Orain arte besteek kontatutako historia ezagutu dugu. Guk, gure bizipenetatik kontatzea ezinbestekoa da", esan du. "Baina ez da nahikoa", gehitu du. "Gertatutakoen zergatiak ere ezagutu behar ditugu gure balioak eta herri-identitatea sendotzeko".

Asentzion, lubakiak

Espaloiko harreragunean hasitako ekitaldiak Asentzion berriki berreskuratutako lubakietan izan du jarraipena. Bertaraino hurbildutakoek frontea non eta zelan kokatuta egon zen ikusteko aukera izan du. "Gaurkoa lehen urratsa besterik ez da",  esan du Oxel Erostarbe alkateak, "eta bidelagun izan ditugunak eskertzeko eguna da". Juan Ramon Garaik gaineratu du atzo bertan beste bi lehergailu aurkitu zituztela 'La Belga' deituriko gunean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.