Ekintza ugari Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko

Usoa Agirre 2008ko apirilaren 23a

Gaur, apirilak 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna da. Arrasaten liburuak oparituko dituzte bibliotekan eta Bergarako udal liburutegiak kalera aterako du liburutegiko zerbitzua: 10:00etatik 19:00etara. Bestalde, Topaguneak aurten ere martxan jarri du "Irakurri, Gozatu eta Oparitu" kanpaina. Bergara izango da kanpainan parte hartuko duen herrietako bat. Oñatin, "Liburu bat egiten" izeneko erakusketa dago egubakoitzera bitartean. Aretxabaletan, berriz, liburu azoka egingo da zapatuan eta egubakoitzera arte edonork utz dezake liburu bat Algara ludotekan, azokarako.

Irakurri, Gozatu eta Oparitu

Egitasmoa, irakurketa sustatzeko asmoz sortu da, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker. Ibarrean, Bergara izango da egitasmoan parte hartuko duen herri bakarra. Gaur, apirilak 23, hasiko da kanpaina eta uztailaren 26an bukatuko da.

Informazio gehiago duzue kanpainaren webgunean: http://topagunea.org/irakurri

 

Arrasate

Castillo Suarez idazleak poesia irakurketa egingo du gaur Kultur Ateko areto nagusian 19:00etan. Klaustroetan dagoen Mugarri Estaliak izeneko erakusketaren barruan egingo du saioa. Suarezen berbak, Koldo Arnantzen irudiak eta Juan Migel Artzelusen musikak egiten dute bat erakusketan. Horrez gain, gaur egun guztian zehar liburuak oparituko dituzte bibliotekako bigarren solairuan.

Oñati

Erakusketa egubakoitzera arte kultura etxean egongo da. Bertan, liburu bat nola egiten den erakutsiko dute, hau da, norbait liburu bat egiten hasten denetik irakurlearen eskuetaraino iritsi arte dagoen prozesua. Arratsaldez egongo da zabalik, 18:30etik 20:30era.

Sumenditik ozeanora izeneko zientzia tailerra egingo dute apirilaren 25ean.

Gaur, eguaztena, liburutegiko bazkideek liburu bana jasoko dute opari modura; hain zuzen, errepikatuta dituzten liburuak banatuko dituzte.

Literatur solasaldia gaur. Jose Mari Iturralderen berbaldia, 19:00etan izango da kultura etxeko areto nagusian.

Aretxabaleta

Egubakoitzera arte edonork utz dezake liburu bat Algara ludotekan. Etxean ahaztuta dauden liburuak han utzi eta trukean beste bat hartzeko aukera dago.

Liburuak uztea erabakitzen duenari txartel bat emango zaio eta, horrekin, euskarazko liburu bat eskuratu ahal izango du, apirilaren 26an, zapatua, ludoteka parean egingo den liburu azokan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak