Ekainera arte iaz baino %98 gutxiago irabazi du Fagorrek

Mireia Bikuña 2008ko irailaren 8a

Fagor Etxetresna Elektrikoak Balio Merkatuaren Espainiako Batzordeari (CNMV) emandako datuen arabera, urteko lehen sei hilabetetan 164.000 euro irabazi ditu. 2007ko datuekin alderatuta %98 gutxiago irabazi du. Datuok urtarriletik ekainera artekoak dira. Fagorren iritzia, ekaineko garraiolarien grebak eta egungo egoera ekonomikoak dira salmenta jaitsieraren arrazoi nagusiak. Fagorreko arduradunek diote, salmentak orokorrean asko jaitsi direla Espainia osoan. Jaitsiera izan arren, urte bukaerarako datuak hobetzea espero dute, eta irabazien jaitsiera leundu egingo dela iragarri dute.

Negozio bolumena

2007ko datuek erakusten dute Fagor Etxetresna Elektrikoak 7,9 milioi euro irabazi zituela urtarriletik ekainera arte. Hortaz, %98 gutxiago irabazi dute 2007ko uztailetik 2008ko uztailera arte.

Balio Merkatuaren Espainiako Batzordeari igorritako datuek diote Fagor Etxetresna Elektrikoak 841,8 milioi euroko negozio bolumena izan duela lehen seihilekoan. Hortaz, urtebetean %5,5 jaitsi da. Salmenta kopuruak behera egin du linea gehienetan: alde batetik, etxetresna handiak biltzen dituen linea zuriak 745,4 milioi euro gutxiago irabazi ditu. Alegia, %4 gutxiago. Era berean, gainerako produktuen salmentak, hau da, etxetresna txikien, erosotasunaren eta sukalde altzarien salmentak %9 jaitsi dira. Hortaz, 134 milioi euro irabazi dituzte.

Fagor taldeak 2009-2012 plan estrategikoa bukatzeko asmoa du irailean zehar. Besteak beste, nazioarteko merkatua indartu gura dute; eta berrikuntzak erabilita, euren sektorean liderrak izan gura dute. Gainera, energia berriztagarrien aldeko apustua egin gura dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak