Eibar-Gasteiz autobideko erabiltzaileek A-8koen deskontu berberak izango dituzte

Txomin Madina Milikua 2008ko urr. 24a, 11:02
Urtarriletik aurrera aplikatuko dira beherapenok, eta hilean gutxienez zortzitan autobidea erabiltzen dutenek %55eko eta %75eko deskontuak izango dituzte.

Atzo (eguena) hartu zuten erabakia Batzar Nagusietan. Aralarrek egin zuen proposamena euren hitzetan orain arteko tarifa diskriminazioarekin bukatzeko, eta ondoren proposamena Batzar Nagusietako gainerako taldeekin negoziatu zen. Aho batez heldu ziren akordiora, eta ondorioz, Bidegi sozietate publikoak ondorengo deskontuak aplikatuko dituela bermatzen du:

  • %25a, lehenengo eta zortzigarren bidaien artean, hilabete berean bost baino gehiago eginez gero.
  • %55a bederatzigarren eta 20. bidaien artean.
  • %75a hileko 21. bidaiatik aurrera.

Deskontu hauek lortu ahal izateko Gipuzkoan erroldatuta egon behar da eta interesa duenak erakunde finantziero kolaboratzaileengana jo beharko du, TAGa, deskontuak aplikatzea ahalbideratuko duena ematen duten erakunde berberetara. TAGa teleordainketarako tresna da, autoa geratu gabe ordaintzeko erabiltzen dena.

Debagoiena ''diskriminatuta''

Rebeka Ubera, Aralarko batzarkideak adierazi duenez, deskontuak aplikatzea beharrezkoa zen bizilekuaren araberako diskriminaziorik egon ez zedin. Uberak gaineratu zuen, debagoiendarrak, zentzu horretan diskriminatuak sentitzen direla eta deskontuak aplikatzeko ez dagoela autobideko lanak bukatua egoteari itxaron behar.

Hain zuzen ere, horixe izan zen atzo arte EAJ eta EAen argumentua deskontuak ez aplikatzeko,  autobideko lanak bukatu gabe zeudela. Autobidea irekitzeko aurreikusten den azken data datorren urteko apirila erdi ingurua dela kontutan hartuz, azkenean Foru Gobernuko alderdiek eta baita oposizioak ere bat egin zuten Aralarren proposamenarekin.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak