Eibar eta Gasteiz arteko autobidea erabiltzeko 4,6 euro ordaindu beharko dira

Arritxu Barruso 2008ko urtarrilaren 29a

4,6 euro. Horixe da auto batek Eibar eta Gasteiz bitarteko bidea autopistaz egiteko ordaindu beharko duena. Guztira 46,2 kilometroko autopista zatia da. Arabako Foru Aldundiak azaldu du Gipuzkoako Diputazioarekin 2003an hitzartutako prezioak mantenduko dituela.

Orduan ezarriko prezioa izan zen 0,08 euro kilometroko. Prezio hori mantendu egingo dute baina 2003 eta 2008 bitartean Kontsumoaren Prezioaren Indizeak izandako igoera gehitu behar zaio. Hori horrela 2009an AP-1a inauguratzean Eibar eta Gasteiz bitarteko tramuaren prezioa 4,6 euro ingurukoa izango da.

2003an lortutako akordio horretan ibilgailu astunendako prezioak ere hitzartu zituzten. Zentzu horretan bi ibilgailu mota bereizi zituzten; pisutsuenek 8,15 euro ordaindu beharko dituzte Eibar Gasteiz traiektua egiteko, eta bestetik, tamainaz handiak direnek 9 euro.

Dena den prezioak egindako tramuaren araberakoak izango dira. Izan ere autopistak bost irteera izango ditu. Arabako 14 kilometroetan ordain sari nagusia Etxabarri-Biñan egongo da eta irteera, berriz, Lukon. Gipuzkoan lau irteera egongo dira. Hau da Gasteiztik Eibarrera doan autoak Aretxabaletan, Arrasaten, Bergarako hegoaldean edota Bergarako iparraldean irteteko aukera izango du. Azken hiru irteera hauek 2003 eta 2005 urteen bitartean ireki dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak