Eibar eta Gasteiz arteko autobidea ekainean guztiz irekita izango da

Jasone Zabala 2009ko martxoaren 20a

Arlaban-Eskoriatza tartea apirilaren hasieran irekiko dute eta Eibar-Gasteiz autobide guztia ekainean izango da zabalik, Arabako eta Gipuzkoako Aldundiek adostu dutenez, lehenengoak aditzera eman duenez.

Arlaban-Eskoriatza doan

Bi tarteen irekierarako egutegi bat adostu dute erakundeek, azpiegitura osoa zerbitzuan jartzeko. Arlaban eta Eskoriatza arteko zatia apirilaren hasieran irekiko dute, Aste Santua baino lehen. Horrela, Isuskitza tunelaren bidez Gipuzkoa eta Araba lotuko dituzte. Tunelak hiru kilometroko luzera du. Arlaban-Eskoriatza tartea irekita eta Arrasate-Eskoriatza zatia amaitu arte, hau da, AP-1 guztiz zabaldu bitartean Arlaban-Eskoriatza tarteko erabiltzaileek ordaindu behar ez izatea adostu dute bi Aldundiek. Arrasate-Eskoriatza tarteari dagokionez, luizi batek obren amaiera atzeratu du. Luizia Apotzaga tuneleko hegoaldeko sarbidetik hurbil gertatu zen, duela aste batzuk. Kalteen konponketak Arrasate-Eskoriatza zatia amaitzeko lanak atzeratuko ditu. Horregatik, ekainean irekitzea espero dute. Orain arte amaituta eta zabalik dauden autobidearen hiru zatiak 300 milioi euro kostatu dira: Maltzagatik Epele artekoa, hain zuzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak