Ehun bat kultura lan gomendatzen ditu Neguko Gidak

Leire Kortabarria 2009ko abe. 22a, 13:02
Urtero bezala, Mankomunitateak emandako dirulaguntzari esker, Debagoieneko eta Legazpiko udal liburutegiek Neguko Gida atera dute, liburu gomendagarriekin, musika eta filmekin batera. Udal liburutegietan daude gidaren hainbat ale, erabiltzaileen eskura.

Denetara, ia 100 dokumentu agertzen dira gomendatuta. Gehienak liburuak, komikiak edo umeendako ipuinak dira, eta adinaren arabera daude sailkatuta, 0 urtetik aurrera, 6 urtetik aurrera, 9 urtetik aurrera, gazteak, eta helduak.

Urtean barrena argitaratu diren lanak dira, liburuzainek aukeratutakoak. Idatzizko dokumentuetatik erdiak euskaraz daude, jatorriz edo itzulita, eta beste erdiak, gaztelaniaz. Debagoieneko egileak badaude: Ruper Ordorika kantautorea, Haizea garizumakoa diskoarekin; edo Fermin Etxegoien, Autokarabana liburuarekin. Arrasateko haur liburutegiko arduradun Asun Agirianok lan batzuk nabarmentzen ditu: "Umeen tartean, Txerritxo izeneko ipuina gomendatuko nuke; oso-oso polita da. Helduen tartean, El arte de volar izeneko komikia dago, Antonio Altarriba gasteiztarrak egindakoa, eta bere aitaren bizitzaren gainekoa da. Diskoen atalean, beste batzuen artean, Anariren lan berriena dago, Irla izan, gazte eta helduendako egokia dena”.

Mikel Laboaren hitz batzuk

Diseinua da gida horren beste alde deigarri bat. Oraingo honetan, elurtutako paisaia bat agertzen zaigu, urrutian zuhaitz bakar bat eta harantz doan pauso arrasto bat ikusten direla. Azalean, Mikel Laboaren Gure Hitzak abestiaren –Bernardo Atxagak idatzita– berba batzuk daude. Bergarako Islada etxeak diseinatu du. Agirianok honakoa dio: "Diseinua oso egokia iruditu zaigu; Mikel Laboari omenaldia egiteko modu bat da. Gainera, egunotan izan dugun eguraldiari begiratuta, bete-betean asmatu dute, nahiz eta kasualitatea izan den".

Dagoeneko gida hori Arrasateko Lehen Hezkuntzako ikasle guztiei banatu zaie oporrak hartu baino lehen, eta erabiltzaile guztiek ale bana har dezakete euren herriko liburutegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak