Eguraldi txarrari aurre, pedal kolpeka

Xabier Urtzelai 2010eko maiatzaren 2a

Domeka goizean egin zuten Bergarako 5+3 zikloturismo irteera, eta eguraldiak lagundu ez bazuen ere, ziklista asko batu ziren Agorrosinen, antolatzaileek prestatutako 94 kilometroko ibilbideari aurre egiteko gertu. Baten bat irteera puntura gerturatu eta gero etxera erretiratu zen, baina gehienek (240) erabaki zuten eguraldi txarrari pedal kolpeka egitea aurre.

Goizeko 08:00ak inguruan bota zuen euri gehien, jendeak aurrera edo atzera egin erabaki behar zuenean. Batek baino gehiagok izena eman, ordainketa egin eta azken unean etxerako bidea hartzea erabaki zuen. Damutuko zen gero, ibilbidean zehar tarteka euri apur bota bazuen ere, orokorrean eutsi egin ziolako. Hori bai, zikloturistak mela-mela eginda iritsi ziren Bergarara.

Tarte kronometratua

Antolatzaileek bete-betean asmatu zuten Gorlako igoera kronometratua egiten, horrek lasaitu egin zuelako jendearen erritmoa eta ziklistak kameraz grabatzen zebiltzan Ertzainek informe ona eramango zuten bulegora; jendeak trafikoko arauak errespetatu zituen. Hori bai, Azkoitia pasa eta Elosurako bidea hartzerakoan, nahi zuenak hor izan zuen barruak husteko aukera. Azkarrenak 22 minutuan egin zuen igoera, oso azkar.

Probako antolatzaileak gaur ahaleginduko dira Gorlako tarte kronometratuko denborak webgunean zintzilikatzen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak