Eguneko 8.300 erabiltzaile izan ditu batez beste lehen hilabetean AP-1 autobideak

Txomin Madina Milikua 2009ko eka. 23a, 21:31

Hilabete bete zen atzo Eibar eta Gasteiz arteko AP-1 autobidea ireki zutela, eta Arabako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, egunean batez beste 8.300 gidarik erabili dute autobidea, Araba aldean, zertxobait gutxiagok. Jakinarazi dute era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari konpentsazioak eskatuko dizkiotela lanek izandako atzerapenengatik.

AP-1 autobideak hilabete bete duela eta, Luis Zarrabeitia Arabako Herri Lanen foru diputatuak lehen hilabete honen balantzea aurkeztu zuen atzo. Eman zituen datuen arabera, egunean bataz beste 8.300 auto eta kamioik erabili dute autobidea. Arabako zatiak baina, erabiltzaile gutxiago izan ditu: Eskoriatza eta Luku artean, 7.400 erabiltzaile izan ditu eguneko, Luku eta Etxebarri artean, 3.600.

Zarrabeitiaren esanetan, kopuru hauek aurreikuspenak betetzen dituzte. Gaineratu zuen, horrelako azpiegiturek bizpahiru urte behar dutela heltzeko, eta orduan ikusiko dela benetako bilakaera. Dena den, etorkizunera begira uste baino hobeto iritsi daitezkeela ere zehaztu zuen. Autobidea Europako sarean sartzeak, ibilbide luzeko erabiltzaileak gehi ditzakeela ere gaineratu zuen Herri Lanen Arabako foru diputatuak.

Atzerapenengatik ordaina

Luis Zarrabeitiak atzo iragarri zuen era berean, Arabako Foru Aldundiak joan den astean planteatu ziola Gipuzkoakoari autobidea irekitzeko izandako atzerapenak ordaintzea. Emandako datuen arabera, Arabak hileko 465000 euro gutxiago irabazi zituen ordainlekuetan atzerapenak zirela eta. Zarrabeitiak ez zuen zehaztu zein izan den planteamendu zehatza baina adierazi zuen asmoa bete litekeela. Gogoratu zuen baina, Gipuzkoak, kontratu aldetik behintzat, ez duela zertan ordaindu.

Ordainlekuetan jasotako diruaren banaketarekin ordainduko lirateke atzerapenak Zarrabeitiaren esanetan, baina azpimarratu zuen, horrek ez diela tarifei eragingo.

Arabako komertzioetan igoera

Autobidea ireki zenean, aurreikusten zen Arabako merkatal-gune eta komertzioek nabarituko zutela Debagoieneko eta orokorrean Gipuzkoako erosleen igoera. Datu zehatzik ez badago ere, zenbaitek nabaritu dute igoera hori, batez ere egubakoitz arratsaldetan eta zapatutan.






ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak