Dakitenek diote aurtengo neguan ez duela elur asko botako. Sei urtean behin, gutxi gorabehera, urte makala izaten da eta badirudi oraingoari tokatzen zaiola.
Martitzenean Frantzia aldeko eski estazioetako webcam-ek elur gabeko zelaiak erakusten zituzten. Aragoiko estazioak, bestalde, hori erakustera ere ez ziren ausartzen.Aurreikuspenak, baina, uste baino lehenago bete dira, eta atzo goizean elurtuta esnatu ziren Pirinioetako mendiak. Horrela esan digu Baqueira Beret estazioko komunikazioko arduradun Jose Albosek: "Atzo, 1.500 metrora, behiak zeuden zelaietan, eta gauean 15 zentimetroko elurra bota du". Albosek, baina, datozen egunotara begira ez du ezer aurreratu gura: "Egubakoitzeko iragarpenak dio ez duela elurrik botako, eta diotenez zapatuan itzuliko da elurra berriro ere. Orain ezin dugu gauza handirik esan, geu ere zain gaude-eta. Elurra bota du, baina ez da nahikoa".
Egoera berean daude Frantziako eta Aragoi aldeko eski estazioak ere. Webguneetan ez dute ezer aurreratu gura, elurra botatzen hasi dela bai, baina inork ez du ateak noiz irekiko dituzten esaten.
Hala, eski estazioak zein egoeratan dauden jakin gura izanez gero, egin klik hemen.