Egoitza berria inauguratu du Ikerlanek, Garaian

Julen Iriondo 2009ko aza. 16a, 16:16
Mikro eta nanoteknologietan espezializatutakoa da Ikerlan-Ik 4-k eguerdian inauguratu duen laborategi berria. Garaia berrikuntza gunean dago, 2.750 metro koadro ditu eta 6 milioi euro bideratu dituzte berau egitera.

Instalazio berrien harribitxia da 300 metro koadroko gela zuria, ikerketa zientifiko teknologikoetarako azken belaunaldiko tresneria duena. Bertako jardunak gure ekonomian finkatutako sektoreetako produktuetan izango ditu aplikazioak, adibidez automozioan, etxetresnen ekoizpenean eta makina erremintan, baina baita indartzen ari diren sektoreetan ere, osasunean, energian, elikaduraren segurtasunean eta ingurumenean.

Adibidez, osasun arloan gaixotasunen diagnostiko bizkorrerako erabili eta botatzeko tresnetarako teknologia garatzen egingo dute lan. Energia esparruan, bestetik, eguzki xafla merkeagoak eta malguagoak, bakoitzak bere energia sortu ahal izateko modukoak diseinatzen. 22 ikerlari ditu gaur egun ikerlanek, baina asmoa da datozen bi urteetan kopuru hau dezente haztea. Mundu mailako ikerketa talde indartsuekin elkarlanean jardun gura du ikerlanek. Hain justu ere, gaur egun Europako 5 proiektutan ari da parte hartzen, eta horietako bi gidatzen.

Egoitza berriarekin, teknologia apurtzaileen alde egindako apustua indartu gura du ikerlanek, enpresei balio berriak eransteko.

Ikerlanek Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mondragon taldearen dirulaguntzak jaso ditu. Erakunde guztiotako ordezkariak izan dira gaurko aurkezpenean, eta egun garrantzitsutzat jo dute gaurkoa

Ikerlan CIC Microguneko kide ere bada. Hain justu ere, CIC Microgunek ere gaur inauguratu duten eraikinean jarri du bere egoitza nagusia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak