Madrilen euskaldunen interesak defendatzen dituen alderdi bakarra EAJ dela esan du Jose Ramon Belokik

Arritxu Barruso 2008ko ots. 25a, 18:26
EAJk ekitaldi politikoa egin du gaur goizean Bergarako Aroztegi aretoan. Markel Olano, Joseba Egibar eta Jose Ramon Beloki izan dira bertan. Azken hau, Gipuzkoatik kongresurako EAJren zerrendaburua da. Belokik azaldu du Madrilen euskal herritarren interesak defendatzen dituen alderdi bakarra EAJ dela.

Euskadin bizi naiz ni. Zu, non bizi zara? Horixe da EAJk martxoaren 9an ospatuko diren hauteskundeetarako aukeratutako leloa. Eta horixe da gaur Bergaran egindako ekitaldi politikoan azpimarratutako ideia. Markel Olano Diputatu nagusia izan da hitza hartzen lehena. Olanok azaldu du bere alderdiak Euskadirendako proiektu propioa daukala, eta proiektu hori herriz herri eta lurraldez lurralde gauzatu dutela. Ekonomia lehiakorra lortzea, gizarte politikei lehentasuna ematea eta kulturaren aldeko apustua dira proiektu horren ardatzak. Baita lurraldeen arteko oreka lortzea eta herritarren parte hartzea bultzatzea ere.

Jose Ramon Beloki kongresurako EAJren zerrendaburua da Gipuzkoatik eta martxoaren 9an egingo diren hauteskundeak Alderdi Sozialista eta Alderdi Popularraren arteko hauteskundeak diruditela salatu du eta gogorarazi du alderdi horiez gain beste alderdi batzuek ere hartuko dutela parte martxoaren 9ko hauteskundeetan. Alderdi Sozialista eta Alderdi Popularra gauza bera direla esan du Belokik eta gaineratu du biek ere ez dutela inongo interesik azaldu Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzeko. Belokik adierazi du, bestetik, Euskadiko Alderdi Sozialista eta Euskadiko Alderdi Popularra ez direla existitzen Espainiako kongresuan eta ez dutela Euskadirako inolako proiektu edo proposamenik egin azken urteotan.

Joseba Egibar, Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakariak itxi du ekitaldi politikoa. 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpeak militarki huts egin zuen arren, haren espirituak bizirik jarraitzen duela azaldu du Egibarrek eta horren ondorio direla Euskal Herrian azken urteetan gertatzen ari direnak. Belokik adierazi du ziur dagoela iritsiko dela eguna non bere alderdia ez den Espainiako Kongresurako hauteskundeetara aurkeztu beharko.Gora Euskadi Askatuta oihuarekin bukatu du Egibarrek bere hitzaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak