EAEko hautetsien dimisioa eskatzeko testua adostu dute EAJ eta PSE-EEk

Usoa Agirre 2008ko api. 10a, 12:17
Bi alderdiek datozen egunetan aurkeztuko dituzte mozioak EAEk gobernatzen duen udaletan. Arrasaten aurkeztuko dute mozioa lehenengo. Udaleko alkatetzatik konfirmatu egin diote Arrasate Irratiari ez ohiko osoko bilkura egiteko eskaera jaso dutela EAJ eta PSE-EEko Arrasateko zinegotziek sinatuta. Hain zuzen ere, emandako xehetasunen arabera, atzo iluntzeko 19:00etan sinatu zuten EAJko eta PSE-EEko zinegotziek mozio bat, ez ohiko osoko bilkuran aurkeztuko dutena. Mozio horretan aurkeztutako puntuekin bat egiten ez duten udal arduradunen dimisioa eskatuko dute.

Mozioa gaztelaniaz sinatu dute bi alderdiek, hemen dituzue mozioak jasotzen dituen puntuak euskaratuta:

Lehenengoa: Arrasateko Udalak hitzartzen du Udal honetako arduradunek konpromiso garbi eta kontsekuentea hartu behar dutela printzipio hauen gainean:

  1. Giza duintasunaren errespetua, eta bereziki bizitzarako eskubidea izan daitezela eskubide guztien eta askatasunaren oinarri.
  2. Pertsona guztien giza eskubideen defentsa eta eskubide horiek errespetatu ezean, hori arbuiatzea.
  3. Aniztasun politiko, sozial, ideologiko eta identitarioa onartzea eta horiek bermatzea.
  4. Esklusiboki bide politiko, demokratiko eta elkarrizketatuaren aldeko apustua; eta, ondorioz, indarkeriaren erabileraren aurka agertzea eta gaitzestea, baita indarkeria hori posizio politikoak defendatzeagatik edo prozesu politikoak hondatzearen mehatxu egiteko erabiltzen denean ere.

Bigarrena: Arrasateko Udalak adosten du, ondorioz, eta printzipio horien argitasunean, ETAren ekintza terroristak, bere azken atentatu hilgarriak eta bere azken komunikatuan adierazitako mehatxuak printzipio horiek urratzen dituztela.

Hirugarrena: Aurreko puntuekin bat ez datozen udal arduradunen dimisioa eskatzen du Arrasateko Udalak.

Data zehazteke

Ez ohiko osoko bilkura hori noiz izango den oraindik ez dute jakinarazi alkatetzatik, baina EAJk eta PSE-Eek eskatu dute urgentziazko bilkura izan dadila.

Mozioak aurrera egiteko

Mozio hori aurrera ateratzeko udalbatzarraren gehiengoa behar dute EAJk eta PSE-EEk. Beraz, 11 boto. EAJ eta PSE-EEren artean, 8 boto dituzte; pentsatzekoa da PPk ere bat egingo duela mozio horrekin; beraz, 9 izango lirateke.

Horrek esan gura du beste bi botoren babesa behar dutela. EB-Zutik koalizioak iragarri du osoko bilkuran jakinaraziko dutela zein izango den euren jarrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak