EAEko enplegu sortzaile handienetakoa da MCC taldea

Goiatz Arana Begiristain 2007ko azaroaren 29a

2006an Euskal Autonomia Erkidegoan enplegatuta zeuden pertsonen %3,8ak MCCn ziharduen lanean, eta portzentaje hori %8,6koa da soilik industri sektorea hartzen badugu kontuan. Mondragon Korporazio Kooperatibotik bertatik emandako datuak dira horiek, eta Arrasateko taldeak EAEko enplegu sortzaile handienetako bat izaten jarraitzen duela berresten dute.

2006 urte amaieran Mondragon Korporazio Kooperatiboak 83.600 langile zituen, eta horien %43ak Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen zuen bere jarduera. MCCtik bertatik emandako datuak dira horiek, eta horien arabera, Eustatek euskal ekonomia osorako dituen azken datuak erreferentziatzat hartuta, zifra hori EAEko enplegu osoaren %3,8 da. Nafarroan lau mila lagunek ziharduten lanean MCCren lantegietan, edo beste era batera esanda, lurralde horretan enplegatuta zeuden 100 lagunetatik bat eta erdik Arrasateko kooperatiba taldean egiten zuten lan.

Industria sektorean gehiago

Soilik industria sektoreari erreparatuz gero, berriz, MCCren garrantzia areagotu egiten da. Esaterako, Gipuzkoan, kooperatiba taldeak presentziarik handiena duen lurraldean, industria sektoreko sei langiletik batek kooperatiba taldean garatu zuen bere jarduera.
Gainerako sektoreetan, enplegu kooperatiboaren garapenaren protagonista nagusiak Euskadiko Kutxa eta Eroski Taldea dira finantza eta banaketa arloetan, hurrenez hurren. Bi erakunde horiek oso hedatuta daude Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, eta 2006an 12.300 langileri eman zieten enplegua. MCCtik aditzera eman dutenez, gainera, Eroskik Caprabo erosi izanak lanpostu gehiago sortzea ahalbidetuko du. 

Korporazioaren jarduera guztiak kontuan hartuta, 2006aren amaieran, MCC lehen enplegatzailea izan zen Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan, eta hirugarrena Araban. Kooperatiba taldea atzerrian hazteko egiten ari den ahaleginari esker, asko dira EAEtik eta Nafarroatik kanpo sortutako lanpostuak ere. Datuokin, gustura agertu dira MCCko buruak; euren plan estrategikoan jasotzen duten helburu nagusietako bat betetzen ari dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak