EAE: "Lanean jarraituko dugu, eteteak uzten dituen zirrikituak aprobetxatuta"

Goiatz Arana Begiristain 2008ko otsailaren 10a

Itxialdia, giza katea, batzar informatiboa, kontzentrazioa eta manifestazioak egin dituzte aste bukaeran Debagoienean, Garzon epailearen erabakiaren kontra.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak egubakoitzean eten zituen EAE eta EHAKren jarduerak. Badaezpadako neurri gisa hartu zuen erabakia, bi alderdiotako arduradunek, Batasunaren bidez, "erakunde terroristari lagundu diotela" argudiatuta. Ondorioz, EAEk ezin izango du Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara aurkeztu –EHAK-k ez du zerrendarik aurkeztu–. Martxoko hauteskundeetara aurkeztea galarazi dio Auzitegi Gorenak ere, eta diru iturri publikoak mozteko agindu du. Bestalde, jardun politikoa ez debekatzea erabaki du, horretarako nahikoa arrazoi ez dagoela eta erabakia neurriz kanpokoa dela ebatzita. Garzonek Gorenari aurre hartu dio, ordea, eta bigarren horren erabakiak ez du ondorio praktikorik izango, bi alderdien jarduerak etenda zeudelako ordurako.

Garzonek hartutako neurriak:

Bi alderdien kontra neurri berberak hartu ditu Garzonek:

· Jarduerak eten hiru urterako.
· Hauteskundeetara aurkeztea galarazi.
· Egoitzak eta webguneak ixteko agindu.
· Diru kontuak blokeatu eta diru laguntzak jasotzea debekatu.
· Manifestazio nahiz kale agerraldiak egitea eragotzi.
· ...

Hala eta guztiz, bi alderdion ordezkariek eutsi egin ahal izango diete udaletan eta Eusko Legebiltzarrean dituzten karguei.

Garzonek erabakia publiko egin eta biharamunean, prentsaurrekoa eskaini zuen Arrasateko EAEk, herriko plazan. "Erabakia politikoa da, PSOEk hartutakoa, nahiz eta epaileek mozorro juridikoa jarri nahi izan dioten" adierazi zuen Oihana Aranburu zinegotziak, eta Eusko Alderdi Jeltzalea PSOEren ezinbesteko konplizetzat jo zuten. Egoera erraza ez dela aitortu arren, lanean jarraituko dutela berretsi zuten: eteteak uzten dituen zirrikituak aprobetxatuko dituztela, euren hautesleekin eta, oro har, herriarekin hartutako konpromisoa aurrera eramateko.

Mobilizazioak ibarrean

Egubakoitz gauean, 40 bat lagunek itxialdia egin zuten Arrasateko udaletxean. Oñatin, batzar informatiboa egin zuten egun horretan bertan. Zapatuan, kontzentrazioa egin zuten Eskoriatzan, eta manifestazioak, Arrasaten eta Bergaran. Guztietan egin zuten  deia atzo Bilbon antolatutako manifestaziora joateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak