EAren eta ezker abertzalearen arteko ituna: adierazi dute akordioa biren artean bakarrik egitea baino hobe dela beste alderdien babesa ere lortzea

Goiatz Arana Begiristain 2010eko ekainaren 21a

Ikusmina piztu zuen atzo EAk eta ezker abertzaleak sinatutako hitzarmenak, duen edukiarengatik eta aurrerantzean ekar ditzakeen ondorio politikoengatik. 300na alderdikide eta nazioarteko ordezkari politiko ugari batu ziren ekitaldian. Pello Urizar eta Xabier Zubizarretarekin izan gara.

Hauteskundeetatik haratago

Sinatzaileek ez dute baztertzen hauteskundeetan lankidetzan aritzeko aukera, baina akordioa horietatik haratago doala diote: "Hitzarmen estrategikoa da, luzera begirakoa, eta euskal estatu baten sorrera arte elkarlanean aritzea du jomuga", azaldu digu Xabier Zubizarretak, ezker abertzalearen izenean. "Hauteskundeen gainetik urratsak ematen joan behar dugu, gizartearen babesa hautestontzietan lortuko badugu ere", gaineratu du Pello Urizar EAko presidenteak.

Akordioak ezberdinen artean egiten direlako, kasu honetan ere, nork bere analisi propioa egin eta desberdintasunen gainetik, ondorio bateratu bat atera dute: "Frantziar eta Espainiar estatuek ez digutenez aukerarik ematen –ez eta emango ere– gure eskubide demokratikoak gauzatzeko, gu ere estatu politikak egiten hastea da irtenbide bakarra. Horrek esan nahi du independentziaren aukera posible egingo duen egituraketa juridiko-politiko berri bat lortu behar dugula", dio Zubizarretak. "Abertzaleok ez bagara gai gure artean adostasunera heltzeko, ez ditugu lortuko herri bezala ditugun eskubideak; atzokoa esparru berri horretara ailegatzeko lehen pausoa izan zen", azaldu digu Urizarrek.

Akordioaren zabalpena

Beste alderdi batzuk ere akordio honen barruan tokia dutelakoan daude: "Apustua nazio mailan egingo badugu, abertzale denok egin behar dugu apustua; uste dugu Aralar eta Alternatiba hemen egoteko aukerak badaudela eta EAJri denbora eman beharko diogu", adierazi digu EAko presidenteak. "Sozialistek historia errepasatu" beharko luketela dio Zubizarretak, "Hego Euskal Herria unitate politiko bakar moduan definitu" eta "unitate horri dagokion gobernu bateko kide izan" zirelako. Pello Urizarrek positiboki baloratu ditu PSE-EEko presidente Jesus Egigurenek presoei eta Batasunaren legeztatzeari buruz esandakoak, "gertuago daudelako gure irakurketatik alderdi sozialistarenetik baino". Eusko Jaurlaritzari dimisioa eskatuko lioke Zubizarretak; eta Urizarrek besteen lana hainbeste kritikatu beharrean ekarpenak egiteko. Madrilgo gobernuak, Irlandako  bake prozesutik ikasi beharko lukeela ere uste du Urizarrek.

Indarkeria

ETAri dagokienez, bestalde, "Bruselako Adierazpenean jasotako eskakizunei erantzuteko konpromisoa hartu zuela eta erantzuna noiz etorriko zain" dago EAko presidentea; "aldiz, atentaturen bat egingo balu, ezker abertzaleak –alderdiko oinarri zabal batek adostuta– hasitako ibilbidearen kontrako eraso bat litzatekeela" uste du. Xabier Zubizarretaren hitzetan, "iritsi da momentua Euskal Herrian joko politiko huts eta garbia egiten hasi eta alde bietako biolentzia betiko bukatzeko". "Atentatu batek harremana zailduko lukeela" onartu arren, ez dute uste akordioa arriskuan jarriko lukeenik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak