Gaurtik eta astelehenera bitartean bisitatu ahalko da azoka, 10:30etik 20:00etara. Azoka ofizialki zabaltzeaz Eneko Olasagasti arduratuko da; 18:30ean izango da, Elkartegian. Hasiera ekitaldian idazle eta zinema zuzendari donostiarrak Ahozkotasunetik irudimenera Durangotik pasatuz hitzaldia egingo du.
Azoka, krisiaren sendagai
Heldu da, beraz, urte osoan Euskal Herriko editorial, banatzaile, diskoetxe, erakunde eta kultura eragileek itxaron duten aste bukaera. Durangoko azoka euskal kulturaren jaia baita, erakusleiho aparta eta arrakastatsua, zalantza izpirik gabe. Baina, aldi berean, sektoreak bizi duen krisiaren –eta krisi hau ez da berria– adierazle ere bada. Izan ere, ekoizleek urte osoan egindako zuloa arintzen saiatzen dira azokak irauten duen lau egunetan.
Berritasunak aurten ere
Liburu, disko eta bestelako materialen nobedadeez haratago, azokak berak berritasunak ditu ia urtero. Aurten aipagarriena areto berri baten irekiera da, Aurkezpen aretoa, hain zuzen ere. Gerediaga elkarteak aditzera eman duenez, areto horrekin "nagusiki liburu eta diskoen aukezpenetarako espazioa berreskuratu nahi izan da". Hala, areto txiki horretan –Goienkale kalearen amaieran egongo da– bisitariak egileekin zuzeneko hartu-emana izateko aukera izango du.
Galdu ezin daitekeena
Aurten irudia gai nagusi duen Durangoko azokak hamaika lan esparru ditu eta adin guztien kultura gosea asetzeko egitaraua dakar. Azokako kultura eskaintzatik –produktuez gain, kultura ez baita ukigarria bakarrik– zer den garrantzitsuena? Adinaren eta gustuen araberakoa da, eskaintza ezin zabalagoa baita.
Azokaren gaiari jarraiki, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak 2008ko Espainiako Ilustrazio saria jaso duen Arnal Ballester ekarriko du; ilustratzaileek galdu ezin duten eskaintza.
Bestalde, ikasleei zuzendutako egitaraua indartu egin dute aurten. Gaurkoa Ikasle-irakasle Eguna izango da, eta, besteak beste, makillaje erakustaldia, grafiti tailerra eta break-dance eta hip-hop tailerra izango dira; garai berrietara egokitzea ezinbestekoa baita.
Haur Literatura aretoak, amaitzeko, urtez urte gero eta gaztetxo gehiago erakartzen ditu, eta egitarau propioa izango du –informazio gehigarri eguneratua www.durangokoazoka.com webgunean jarriko du antolakuntzak.
Hutsune berezia aurten
Aurten Mikel Laboaren hutsuneak markatuko du azoka. Joan den astelehenean utzi gintuen, eta hil bezain pronto bihurtu da mito: euskal abeslari eta artista handienaren ahotsak ez dio hegan egiteari utziko.
Debagoienekoak
















