Diputazioak otsailera atzeratu du txartel bakarraren erabilera

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko urt. 11a, 11:48
Gipuzkoako Foru Aldundiak atzeratu egin du berriro Debagoiena eta hiriburuen artean txartel bateratuaren erabilera; oraingoan, otsailaren 1era atzeratu du. "Arazo teknikoak izan dira atzerapenaren arrazoia", esan dute Diputaziotik.

Herriz herriko zerbitzuetan urriaren 1ean ezarri zen zerbitzua, baina Donostia, Gasteiz eta Bilboko loturako zerbitzuetan, oraindik, ez da ezarri. Azken asmoa urtarrilerako tresneria guztia ezarrita egotea zen, baina ez da horrela gertatu. " Pesak txartela aurrez ateratzeko bidea ematen du; horregatik, bateratu egin behar dira sistema hori eta autobusean bertan txartela erosteko sistema", esan du Jose Mari Olaizola diputazioko komunikazio arduradunak.

Alderdien kezka

Honek Alderdi Sozialistaren eta Aralarren kritikak eragin ditu. "Txartel bateratuak, besteak beste, deskontuak ekartzen ditu eta beste behin baztertu egiten gaituzte Debagoiena eta Debabarrenako herritarrak", esan du Pako Gartzia batzarkide sozialistak. Azalpenak exijitzen ditugu. "Esan dute tresneria jartzea zaila dela baina ez dugu ulertzen".

Autobusen ordutegi berriak

Aurreko asteetan egon diren zurrumurruen aurrean, Pesak adierazi du 2008an orain arteko zerbitzua eskainiko duela.
Hala ere, aldaketa batzuk egongo dira zerbitzu batzuetan. Arrasate-Oñati Bertakoak ibilbidean, bi zerbitzu gehiago jarriko dituzte: goizeko 7:00etan eta 8:00etan. Oñati-Arrasate Arinak ibilbideko 7:30etako eta 8:30etako zerbitzuak Bertakoak izango dira aurrerantzean. Gainera, Oñati-Arrasate-Oñati Arinak ibilbidea Bertakoak izatera pasako da.
Bergara-Oñati-Bergara ibilbideko zerbitzu guztiak Zubillagan geratuko dira (baita zerbitzu zirkularrekoak ere).
Gasteiz-Arrasate ibilbidean, Gasteizetik goizeko 7:30etan ateratzen den zerbitzua Leintz Gatzagan geratuko da (jaiegunetan izan ezik). Bestalde, Leintz Gatzagan geratuko da baita ere, egunero, Bergara-Gasteiz ibilbideko 21:15etako zerbitzua. Azkenik, Eibar-Arrasate-Gasteiz ibilbideko 18:15etako zerbitzua Leintz Gatzagan geratuko da (jaiegunetan izan ezik) eta baita domeketako 20:45etako zerbitzua ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak