Diputazioak otsailera arte atzeratu du txartel bateratuarekin Debagoienetik hiriburuetara joateko aukera

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko urt. 5a, 13:35
Gipuzkoako Foru Aldundiak atzeratu egin du atzera txartel bateratuaren erabilera gurean. Otsailaren 1era atzeratu du. Alderdi Sozialistak eta Aralarrek gogor kritikatu dute hirugarren atzerapen hau. Mugikortasun foru diputatuaren agerraldia eskatu dute.

Debagoiena eta Debabarrena dira autobus txartel bateratuaren sisteman sartzeko Gipuzkoan gelditzen diren bailara bakarrak. Herriz herriko zerbitzuetan ezarrita dago urriaren 1era arte, baina Donostiako loturako zerbitzuan, esaterako, ez. Azken asmoa urtarrilerako tresneria guztia ezarrita egotea zen, baina ez da horrela gertatu. Diputazioak beste epe bat eman du, hirugarrena, eta otsailerako guztia prest egongo dela esan du. Honek Alderdi Sozialistaren eta Aralarren kritikak eragin ditu eta mugikortasun foru diputatuaren Arantxa Tapiaren agerraldia eskatu dute. "Txartel bateratuak, besteak beste, deskontuak ekartzen ditu eta beste behin marginatu egiten gaituzte Debagoiena eta Debabarrenako herritarrak", esan du Pako Gartzia batzarkide sozialistak. Azalpenak exijitzen ditugu. "Esan dute tresneria jartzea zaila dela baina ez dugu ulertzen .

Deskontuak jokoan
Txartel bateratuak erosoa izateaz gain deskontu garrantzitsuak ekartzen ditu. Lehenengo bidaiatik, esaterako, %40ko deskontua. Diputazioak dio tresneria berezia ezarri behar dela eta horrek ekarri duela atzerapena. "Guk ulertzen ez duguna da", adierazi du Aralarko batzarkide Rebeka Uberak, "zergatik egin den gainerako bailara guztietan eta gurean ez. Ez da kasualidadea gure ustez". Epe berria jarri du Diputazioak, otsailaren 1a. Ikusteko dago hirugarren epe hori beteko duten. "Ez dut sinisten", esan du Gartziak. "Hirugarren atzerapena da eta uste dut laugarrena ere etorriko dela". Rebeka Ubera beste iritzi batekoa da. "Espero dezagun epe hori behin betikoa izatea. Guk ez dugu inolaz ere beste atzerapenik onartuko".




ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak