Diputazioak olioa birziklatzeko 64.394 euro emango dizkio Debagoienari

Mirian Biteri 2008ko abe. 4a, 16:49
Diputazioko Garapen Iraunkorreko Departamentuak, mankomunitateekin lankidetzan, etxean erabilitako olioaren bilketa zabalduko du Gipuzkoan, edukiontziak jarrita. Egitasmo horren aurrekontua 750.000 euro da; kopuru horretatik, Debagoieneko Mankomunitateari 64.394 euro emango dizkio Diputazioak, proiektu hori martxan jar dezan.

Orain arte, hainbat bilketa sistema erabili dituzte mankomunitateek eta udalerriek. Arrasaten, esaterako, 2007ko apirila ezkero sistema berritzailea dute. Udalak, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, sukaldeko olioaren birziklatzeari bultzada emateko egitasmoa jarri zuen orduan martxan, herriko kaleetan edukiontzi berdeak jarrita. Pote bereziak bakarrik onartzen dituzte eta horiek herritarren artean banatu dira.

Gainontzeko herrietan, baina, furgoneten bidez bete izan da orain arte zeregin hori. Baina prozedura horrek hondakin horiek egun eta ordu jakinetan uztera behartzen du.

Gipuzkoan, 396 edukiontzi

Diputazioak joan den egubakoitzean sinatu zuen herrialdeko mankomunitate guztiekin horren gaineko hitzarmena. Garapen Iraunkorreko diputatu Carlos Ormazabalek jakinarazi zuen 750.000 euroko inbertsioa 2008 eta 2009ko ekitaldietan egingo duela eta datozen hilabeteotan 396 edukiontzi jarriko direla Gipuzkoa osoan: "Herritarrek sukaldeko olioa ondoen datorkienean atera ahal izango dute, modu errazean eta azkarrean. Sistema berria malguagoa da eta emaitzak hobetuko ditu, bildutako kopuruak handituko dira-eta".

Debagoienerako 34 aurreikusi ditu Diputazioak. Biztanle kopuruaren arabera egin du aurreikuspen hori; horren harira, udalerri guztietan, gutxienez, edukiontzi bat egotea bermatu gura du. Mankomunitatea arduratuko da herri bakoitzean zenbat eta zer edukiontzi mota jarriko diren erabakitzeaz. Oraindik zehazteke dago hori.

Bi edukiontzi aukeran

Mankomunitateak bi edukiontzi izango ditu aukeratzeko: batetik, egun Arrasateko kaleetan aurki daitezkeenak daude, olioa batzeko pote bereziak behar dituzte horiek; eta bestetik, Gipuzkoako beste hainbat eskualdetan edozein pote onartzen duen edukiontzia dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak