Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du begi onez ikusi antzuolarrek eta elgetarrek Agorrosin erabiltzeagatik bergararrek baino gehiago ordaindu behar izatea eta gutun bat bidali dio Bergarako Udalari. Agorrosin egiteko 2 milioi eta 100 mila euroko diru-laguntza zein baldintzatan eman zion gogora erazten dio gutun horretan:
- eskualderako kiroldegia egitea
- eragin esparruko herritarrei trataera berdina ematea edo, beste modu baten esanda, erabiltzaile denei –Bergaran erroldatuta egon edo ez– berdin kobratzea
Hain zuzen, bigarren baldintza hori betetzen ez duelako, erabakia birplanteatzeko eskatu dio Diputazioak Udalari.
Gastuak diru-sarrerak baino handiagoak
Agorrosin Ekintza Gunea erabiltzaileen kuotekin ordaintzen da, baina gastuak diru-sarrerak baino handiagoak dira eta Bergarako Udalak ordaindu du diferentzia orain arte. Hasieran, Bergarako Udalak Elgeta eta Antzuolakoei eskatu zien defizitaren parte bat ordaintzea baina, horiek onartu ez zutenez, erabaki zuen bi herri horietako erabiltzaileei ordaindu eraztea udalek ordaintzen ez dutena. Erabakiak haserrea sortu eta bajak eragin zitzakeela jakin arren, martxo hasieran igoera aplikatu zien Bergaran erroldatuta ez dauden erabiltzaileei. Plus izeneko tarifa horrek %50eko igoera suposatzen du.
Datorren astean bilera
Hartutako erabakiarekiko desadostasuna agertzeko gutuna bidalita, Diputazioa Bergarako Udalaren erantzunaren zain dago momentuz. Ikusi egin beharko da, Udalak erabakia atzera botatzen ez badu, Diputazioak neurririk hartzen duen edo ez, eta baiezko kasuan, zeintzuk.
Bergarako Udaleko Kirol zinegotziarekin, Martin Etxeberriarekin, jarri da harremanetan Goiena eta hark esan du, oraingoz, gaia mahaiaren gainean dagoela eta datorren astean aztertuko dutela Bergara, Elgeta eta Antzuolako alkateek.