Diputazioak dirulaguntzak onartu ditu Zubillagako hiltegirako eta baita Debagaraia elkartearentzako

Julen Iriondo 2007ko urtarrilaren 3a

Gipuzkoako Diputazioak dirulaguntzak onartu ditu bai Zubillagako hiltegirako eta baita Debagaraia elkartearentzako ere. Hiltegiak 113.000 euro jasoko ditu hainbat hobekuntza egiteko, eta 242.000 euro Landa Garapenerako elkarteak, bere proiektuak gauzatzeko. Horrela eman du jakitera foru aldundiak prentsa ohar batean.

242.368 euro. Horixe da Debagaraiak, Debagoieneko Landa Garapenerako Elkarteak, bere proiektuak gauzatzeko diputaziotik jasoko duen dirua. Gipuzkoako Foru Aldundiak 931.000 euro bideratuko ditu herrialde gisako elkarteetara, eta kopuru horren laurdena iritsiko da gure eskualdera.
Dirulaguntza hauen asmoa da mendi eremuetan edo eremu zailetan egiten den jarduera laguntzea. Izan ere, Europar batasunaren araudiaren arabera ia Gipuzkoa osoa da ezaugarri horietakoa, lurraz baliatzeko aukerak murriztuak edo kostu altuak dituen tokia.  Europako Batasunak garaiera altua duten eta ondorioz baldintza klimatiko desegokiak dituzten edo malda handia izateagatik makinak erabiltzea zailtzen edo garestitzen duten lurrak sailkatzen ditu gisa horretara.
Diputazioak emandako dirulaguntzaren helburuak dira azpiegiturak, hornidurak eta oinarrizko zerbitzuak sortu edo daudenak hobetzea, kalitateko bertako produktuak merkaturatzea, lana eta diru sarrerak gehitzearren landa guneetako jarduera motak ugaritzea, balio historiko eta artistikoa, etnografikoa edo kulturala duen ondarea babestea eta baserri giroko turismoa eta eskulangintza bultzatzea.
Arlo hauetariko batzuetan hainbat ekimen egin ditu dagoeneko Debagaraia elkarteak: esaterako, amaitu berri den urtean aurkeztu du Debarroa izeneko proiektua, eta badaramatza urte batzuk gure eskualdean jarduera berriak sortzeko ideien lehiaketa egin eta ideia horiek gauzatzen laguntzeko dirulaguntzak ematen.
Bestalde, Zestoako, Tolosako eta Oñatiko hiltegietako instalazioak hobetzeko ere onartu du diputazioak dirulaguntza bat. 160.000 eurokoa da, eta diru horretatik gehiena, 113.000 euro Zubillagako hiltegiak jasoko du, bi arlotan erabiltzeko.
Haragia hozteko kamerak berritzeko eta abereak hiltzeko sistemak hobetzeko: inbertsioa 155.000 eurokoa da, eta 85.000 jarriko ditu diputazioak, eta beste ia 28.000 euro emango ditu abereen garraiorako erabiltzen diren ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zentroa garatzeko.
Hiltegiei emango dien dirulaguntza hauekin diputazioak nahi du herrialdeko haragiaren berregituraketa egitea, lurraldeko haragi produkzioa indartzeko. Besteak beste, higienea bermatzea eta hiltegietako jarduerak sortzen dituen ingurumen arazoak konpontzea da asmoa.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak