Digitalizazio prozesuan Euskadiko tokiko telebistek berdintasuna eskatzen dute

Mireia Bikuña 2009ko abenduaren 3a

Euskadiko Tokiko Telebisten Elkarteak (DIGIBAT) prentsaurrekoa egin zuen eguaztenean, eduki orokorreko telebistekiko Euskadiko tokiko telebistek bizi duten diskriminazioa salatzeko, eta eduki orokorreko kateek duten tratu berbera aldarrikatu zuten.

"Digitalizazio prozesua gidatzen ari diren erakunde publiko guztien aldetik jasaten ari garen tratua salatu nahi dugu", esan zuten agerraldian DIGIBATekoek. Gainera esan zuten: "erakunde publikoek diru publikoa banatu dute TVE, ETB, Antena3, Tele 5, Cuatro eta La Sexta digitalizatzeko eta gure herrietara eramateko, inolako gainkargarik ezarri barik".

1,10 milioi euro urtero

Era berean esan zuten tokiko telebistek euren kabuz egin behar dutela analogikotik digitalerako trantsizioa. "Aldaketa zenbakietara ekarriaz, egokitze prozesu honek urtean 1,10 milioi eurotik gora eskatzen dizkigu, zerbitzu publikoa herritar guztiengana helarazteko", esan zuten.

Lizentziadun operadoreak

Orain dela hiru urte zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzak EAEn tokiko telebista digitalen lizentziak banatzeko lehiaketa. Guztira, 58 banatu zituzten. Ondorioz, lizentziadun operadoreek DIGIBAT elkartea sortu zuten 2007ko udan; besteak beste, GOITB, Teledonosti eta Canal Gasteiz dira DIGIBATeko kide.

Hitzarmena

Bestalde, Gipuzkoan lurreko telebista digitalaren estaldura erregulatzen duen hitzarmena sinatu dute Foru Aldundiak, Eudelek eta Eusko Jaurlaritzak. Aurrekontu orokorra 3.500.000 eurokoa izango da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak %25 finantzatuko du (875.000 euro). Horietatik 475.000 euro 2009an egindako ordainketarekin konpentsatuko dute; eta gainerakoa, 2010eko lehen hiruhilekoan ordainduko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak