Derrigorrezko hezkuntzako aurre-matrikula, hilaren 12ra arte

Julen Iriondo 2010ko ots. 2a, 15:42
Irekita dago derrigorrezko hezkuntzako ikastetxeetarako aurre-matrikulazio kanpaina. Hezkuntza sailak zenbait berrikuntza egin ditu gainera aurtengorako, besteak beste gurasoen hizkuntza eskakizuna zein den ezagutzeko. Otsailaren 12ra arte dago irekita izena emateko epea. Bestalde, Mondragon Unibertsitatean ere irekita dago aurre-matrikula epea.

Derrigorrezko hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan izena emateko epea da datozen bi asteotan irekita egongo dena. Aurtengo kanpainaren nobedadea da hezkuntza sailaren aplikazio informatiko bat, besteak beste, arduradunen arabera hizkuntza ereduen eskari erreala ezagutzeko. Gurasoek hiru ikastetxe eta beste hainbeste hizkuntza eredu aukeratu ahal izango dituzte, lehentasunezko hurrenkeran. Gainera, aurreneko aukeran adibidez, hautatuko ikastetxeak eskaintzen ez duen hizkuntza eredu bat eskatu ezkero, bigarren lekuan egindako ikastetxe aukera hartuko du kontuan administrazioak, lehenengoa balitz bezala eta ondorioz lehentasun moduan hura hautatu dutenekiko desabantailarik gabe. Honekin hezkuntza sailak nahi omen du hizkuntza ereduen benetako eskaria zein den ezagutzea; gainera, ikastetxe batean ez dagoen hizkuntza eredu bat gela bat sortzeko adina haurrek eskatuko balute, 20 inguruk alegia, eskola publikoei horixe eskatu ahal izango lieke hezkuntza sailak, gela hori sortzeko. Itunpeko ikastetxeak, ostera, ez daude legez horretara derrigortuta. Otsailaren 12ra arte egongo da irekita aurre-matrikula egiteko epea.

Mondragon Unibertsitatean, bestalde, ekaina bitartean hilero izango dira ate irekiak Arrasateko, Oñatiko, Eskoriatzako, Goierriko eta Bidasoako campusetan. Aurrenekoa zapatu honetan bertan izango da, Arrasateko Goi Eskola Politeknikoan. Ekainaren 18ra arte dago Mondragon Unibertsitatean aurre-matrikula egiteko modua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak