Denetariko estiloak gaur Danbakako hirugarren kontzertuan

Maider Arregi 2008ko aza. 13a, 12:55
Danbaka musika lehiaketaren hirugarren edizioko bide erdira heldu gara dagoeneko: gaur, egubakoitza, hirugarren kontzertua egingo dute Elgetako Espaloia Kafe Antzokian 22:30ean. Orain arte ikusi eta entzundakoaren arabera, esan dezakegu talde gehienek serio hartu dutela lehiaketa eta etxeko-lanak eginda joaten direla Elgetara.

Gaurkoan, Debagoieneko eta Durangaldeko bina talde arituko dira agertokian. Bakarlari batek zabalduko du gaua, gitarra eta armonikarekin bakarrik lagunduta: Los Viernes Al Ron izenpean Iñigo Irizar bergararra dago. Bakarlariari 70eko hamarkadako doinuek jarraituko diete, Arrasateko Bitter Honey talde berriaren eskutik.  Horren ostean, baina, musika estiloa zeharo aldatuko da: Zornotzako Army-Armak iaz Berrizko musika lehiaketa irabazi eta rap-rock emanaldia egingo du. Horri 90eko hamarkadan jaio eta orain dela lau urte berpiztutako Brankan taldeak jarraituko dio. 

Los Viernes Al  Ron

Bergaran jaiotako Iñigo Irizarrek urte asko darama etxean gitarrarekin jolasten, armonika jotzen ikasten eta abesten. Are gehiago, bakarka zein Iñigo Gabilondo musikariarekin Gabi eta Pepi izenpean, Bergaran ezagun samarra da, emanaldi xume dezente egin dituelako. Aspaldian Antzuolan bizi da eta musika alboratuta zuela ematen zuen arren, jarraitzen du etxean konposatzen eta musika egiten. Bluesa, folk amerikarra eta beste lantzen ditu euskaraz, gitarrarekin eta armonikarekin lagunduta. 

Bitter Honey

Talde berria da Bitter Honey, inoiz zuzenean aritu barikoa. Hala ere, musika taldea osatzen dutenak ez dira hasiberriak, ez ordea. Aitor abeslaria Jukeboxetik dator, Borja eta Enaitz Los Chicos Boom eta Radio Wings taldeetatik eta Mikel Black Sheeps taldetik. Guztiak arrasatearrak dira, Mikel ezik, azken hori bergararra baita. Aurreko taldeetatik tiratuta, 70eko hamarkadako doinuetan buru-belarri dabiltza, eta tarteka, beste askoren artean, Flaming Grooviesen izpiritua ekartzen dute gogora.

Army-Arma

Army-Arma Eubako (Zornotza) taldea da. Berez gazte samarra bada ere (2006an sortutakoa), taldekideek eskarmentu nahiko daukate eta iaz Berrizko Aldapa Musika Lehiaketa irabazi zuten. Seikote honen eskaintza irmoa da: rocka, metala, funka eta rap-a batzen dituzte. Funk-rock oinarrietatik abiatuta, riff rockeroekin eta DJen scratchekin asko aberasten dute emaitza. Gazteleraz abesten duten arren, Rage Against The Machine eta Red Hot Chilli Peppersen ildo antzekoetan dabiltza.

Brankan

Brankan taldearen kasua bitxi samarra da. Hain zuzen ere, hirukote hori 90eko hamarkadan hardcorea egiten ibili zen, Andoaingo Karkaxa, Bermeoko Münsterland eta beste talde batzuekin batera, 2000n taldea bertan behera utzi zuten arren. Orain dela lau urte, baina, Aitor Osa eta Igor Larrinagari Denis Alberdi bateria jotzailea batu zitzaien. Berriz eta Markina artean kokatutako talde honek, baina, koordenadaz zeharo aldatu du: rock iluna egiten dute, ez hain azkarra eta melodikoagoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak