Jarraipen ona izan du deialdiak, lanuztea deitu dutenen arabera

Miren Arregi Amasorrain 2007ko abe. 13a, 16:30
18/98 kasuko auziperatuek ordubeteko lanuztea eta mobilizazioak deitu dituzte gaur goizean. Lanuztea deitu dutenek esandakoaren arabera, erantzun eta jarraipen ona izan du deialdiak.

Antzuola

Antzuolan, besteak beste deialdiarekin bat egin dute honako enpresok: Matz Erreka, Goizper eta Elay-k. Eskolak ere egin du lanuztea eta udalak ere bai.

Aretxabaleta 

Aretxabaletari dagokionez, 12:00etan oraindik denda gehienak zabalik bazeuden ere, 12:30erako itxi dituzte batzuk, eta baita taberna batzuk ere. Eroski edo Dia bezalako supermerkatuek ez dute bat egin deialdiarekin, ezta banketxeek ere. Lanuztea egin dutenek, elkarretaratzea egin dute herriko plazan eta 200 lagunetik gora elkartu dira. Tartean, Arizmendi ikastola, Kurtzebarri eskola eta Aretxabaletako institutuko ikasleak, udaletxeko langileak, eta baita Copreci edo Zenbaki enpresetako langileak ere. Coprecikoek, gainera elkarretaratzera, euren pankarta eraman dute eta amaitu denean pankartaren atzetik joan dira berriz lantegiraino.

Oñati

Oñatin ere, ULMA taldeko Packaging, Polimero, Forja eta Ulma Construccionek egin dute lanuztea. Baita Txantxiku ikastolak eta Zuazola Larraña institutuko ikasleek ere. Hijos de Juan de Garai enpresan ez dute lanuzterik egin, eta Elkar Hezi ikastetxean ere ez.

Bergara 

Bergaran jende asko bildu da eguerdiko 12etan herriko plazatik irten den manifestazioan. Besteak beste, Bergaran Candy enpresak Ipintza Institutuko batxilergoko ikasleek eta Miguel Altuna institutuan egin dituzte lanuzteak. San Martin ikastetxean, berriz, ez dute lanuzterik egin, ezta Arcelor enpresan ere, langile batzuek egin badute ere.

Arrasate

Azkenik, Arrasaten, aipatu behar da, Fagor taldeko enpresa guztietan lanuztearen aldeko botoak gailendu direla, eta baita Euskadiko Kutxan ere. Udaletxean, langileen esku utzi dute erabakia. Arrasaten, gainera, herriko plazan bildu dira deialdiarekin bat egin dutenak. Bukaeran, Xabier Zubizarreta alkate ohiak lasaitasunez baina tinko, borrokari eusteko deia egin du. Gaineratu du balorazio positiboa egiten dutela antolatzaileek bai Arrasaten eta baita inguruko herrietan ere.
Goienako langileek ere bat egin dute deialdiarekin.
 
Arratsaldeko 7etan, Arrasaten manifestazioa egingo da, auzia salatzeko.

Elgeta

Elgetan jarraipen txikia izan du lanuzteak. Gehienez komertzio bik itxi dute ordu betez eta udaletxeko langileek ez dute lanuzterik egin. Plazan agerraldia egin dute zenbait herritarrek eta 50 lagun inguru egon dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak