Debagoienetik Patagonia konkistatzera

Irati Agirreazaldegi 2008ko urriaren 23a

Laster hasiko dira "El conquistador del fin del mundo" telebistako lehiaketa Argentinan grabatzen eta lehiakideen artean dira Arrasateko Maite Iturraran, Bergarako Eneko Muguruza eta Eskoriatzako Ahinara Zubizarreta.


Gaur, eguenean atera dira Argentinara bidaian eta "urduri baina joateko gogoz" zela esan zigun Eneko Muguruzak. Amaierara arte iraunez gero abenduan bueltatuko dira. Saioa ematen, berriz, urtarrilean hasiko dira.

Saioa koadrilakoekin ikusten zuen Muguruzak lokalean eta berez mutil animatua izanik  aurreko edizioan ere bidali zuen e-maila parte hartzeko, baina ez zioten deitu, oraingoan bai, ordea. Maite Iturraranek aurreko edizioko azken saioa ikusten zegoela pentsatu zuen aurkeztea. "Kirolzalea eta abenturazalea naiz eta telebista oso gustuko dut. Aurrez ETBn Wazemank-en eta Pilotari-n egin ditut lantxoak eta Noaua-ko iragarkian ere hartu dut parte".

Biak kirolariak izanik prestakuntza berezirik ez dute egin. "Kontua da han jatekorik gabe ea gorputzak nola erantzuten duen;  muturreko egoeretan buruak indar gehiago du", dio Muguruzak. Goseak kezkatzen du batik bat Iturraran bezala: "Proba gogorrak dira eta gosea eta hotza pasatuko dudala seguru nago, baina hainbeste gogorekin noa aurre egiteko gai izango naizela", dio.

Debagoiendarren Paktua?

Ez dute helburu zehatzik baina ahalik eta aurreren iristea da euren nahia. Horretarako elkarbizitza ona da gakoa. Elkarren b erri ez badakite ere, "entzun dut Debagoienetik badoazela besteren batzuk eta talde berean tokatuz gero debagoiendarren arteko paktua egin beharko dugu", dio barrez Muguruzak.
Debagoiena mundu zabalera begira,urtarriletik aurrera debagoiendar asko pantaila txikiari begirik kendu barik. Zeinek konkistatuko du munduko azken lurmuturra? Eta debagoiendarrak?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak