Debagoienera ere iritsi da Realaren 100. urteurren ospakizuna

Xabier Urtzelai 2009ko eka. 2a, 18:52
Realak Agorrosinen egin du gaur goizeko entrenamendu saioa, baina jokalariak lanean hasi baino lehenago Jokin Aperribai presidenteak Realaren 100. urteurreneko bandera eman die Bergarako Udaleko ordezkariei eta baita ibarreko peña realzaleei ere. Ikusle asko izan dira Agorrosingo harmailetan, Bergaran jaiak direla aprobetxatuta.

Realak dagoeneko ez du lehenengo mailara igotzeko aukerarik, eta pena izan da aukera guztiak Bergarara etorri aurretik agortu izanak. Hala ere, txuri-urdinek harrera beroa izan dute Bergaran, jende asko joan da-eta entrenamendu saioa ikustera.

Ekitaldia Agorrosinen, entrenamendua Ipintzan

Agorrosingo berdegunean egin du Realak 100. urteurreneko ospakizun ekitaldia. Bertan, Realeko jokalariek pasillo moduko bat egin dute, eta Realeko presidente Jokin Aperribaik Realeko banderak banatu dizkie Udaletako ordezkariei, Debagoieneko peñei eta baita futbol taldeetako ordezkariei ere.

Entrenamendu saioa egitera, baina, jokalariak Ipintzara joan dira. Juanma Lillok Gipuzkoan barrena egin beharreko entrenamendu saioetan baldintza moduan jarri zuen zelai naturalak izatea, baina, Ipintza Agorrosin baino hobeto dagoela ikusi du, eta hara joateko agindua eman du.

Mikel Aranburu, Abreu eta Mikel Gonzalez barik

Ipintzan entrenatu diren jokalarien artean hiru hutsune horiek izan dira –Aranburu eta Gontxa min hartuta daude–, eta gainontzekoek ondo sufritu dute egiten zuen beroaren eraginez. Izan ere, nahiz eta lehenengo mailara igotzerik ez izan, oraindik hiru partidu geratzen dira liga amaitzeko eta Eñaut Zubikarai atezainarendako, datozen partiduak ezin dira alde batera utzi: "Ez gara kategoriaz igoko, baina urtea ahalik eta puntu gehien batuta amaitu gura dugu. Gainera, niretako partidu garrantzitsua izango da, Bravo selekzioarekin izango delako eta jokatzeko aukera izango dudalako".

Taldeko beteranoetako bat bilakatu da Mikel Labaka, eta hark ere adierazi du lanean jarraitu behar dutela: "Gora igotzeko puntuak falta izan zaizkigu, bistakoa da hori, eta nahiz eta puntu kopuru polita lortu dugun, aurrean daudenak gu baino gehiago izan dira. Hori horrela esan behar da". Etxeko jokalari moduan, Labakak adierazi du taldea dagoen moduan egonda irtenbide onena Zubietan dauden jokalariei aukera ematea dela, eta iritzi berekoa da Xabi Prieto, beste talde batzuk gertutik jarraitzen duten jokalaria: "Ni lasai nago, Realarekin lau urterako kontratua sinatu nuelako eta orain momentuan horrek balio duelako".

Realeko zuzendaritzako kide diren Juango Arrietari eta Aitor Mendibili galdetu diegu Prietoren gainean:"Hainbat komunikabidetan azaldu da Athleticek beregatik galdetu duela, baina guk ez dugu Bilbo aldetik deirik jaso. Hori bai, beste talde batzuk erakutsi dute interesa, eta argi diogu Xabi Prieto etxeko jokalaria dela, gurekin gustora dagoela eta gu harekin oso gustora gaudela. Horrenbestez, ez dugula saltzeko inongo intentziorik".

Entrenamendu saioa amaitutakoan ere lanean jarraitu dute Realeko jokalariek, gaztetxoei sinadurak egiten eta eurekin erretratuak ateratzen. Zubikarai izan da kiroldegiko aldagelatara sartzen azken jokalaria, eta haren atzetik joan da Juanma Lillo entrenatzailea. Tolosarrari eskatu diogu galderaren bat edo beste erantzuteko, baina: "Barkatu, eguenean egingo dut berba, lehenago ez didate-eta uzten. Lehenengo zuzendaritzakoek egin behar dute berba".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak