Debagoieneko udalek 6,8 milioi jasoko dituzte iraunkortasun proiektuetarako

Leire Kortabarria 2009ko aza. 2a, 16:38
Debagoieneko udalek eta Aramaiok 6.832.384 euro jaso ahal izango dituzte denetara Espainiako Gobernuak onartu duen bigarren Enplegurako eta Tokiko Iraunkortasunerako Fondotik. Orain, udalek hiru hilabeteko epea daukate diru hori jaso ahal izateko proiektu zehatzak prestatu eta Espainiako Gobernuari aurkezteko, hark onartu edo alboratu ditzan. Horrenbestez, lanak hasi ahal izango dira 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera.

Plan horrek baditu desberdintasunak indarrean jarraitzen duen lehenengo E Planarekiko. Deigarriena da diru partida hori ekonomia, ingurumen eta jendarte iraunkortasun arloko proiektuetarako erabili beharko dela, eta ez hirigintza obretarako, oraingo E Planean bezala. Gainera, udal bakoitzak jasoko duen diruaren %20 erabili ahal izango du hezkuntza eta gizarte zerbitzuek –bereziki mendekotasun egoeran dauden herritarrendako zerbitzuek– sortzen dituzten gastu korronteak finantzatzeko. 

Jendartea eta ingurumena

Hiru motatako proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte udalek: ekonomia iraunkortasun arloan, enpresendako, zientzia edo teknologiarako guneak; teknologia berritasun eta garapen azpiegiturak; telekomunikazio sareak hedatzeko edo helarazteko proiektuak, eta abar; ingurumen arloan, energia eta ur aurrezpen proiektuak; energia berriztagarrienak; hiri mugikortasun iraunkorra; edo gutxiago kutsatzen duten garraiobideenak; eta gizarte-iraunkortasun arloan, zerbitzu sozial, osasun, kultura edo kirol zentroen proiektuak; eta, esan bezala, gizarte zerbitzuen gastu korronteak finantzatzeko aukera.

Hala ere, 2.000 biztanle baino gutxiago dituzten herriek malgutasun handiagoa izango dute proiektu mota zehazteko.

Betiere, langabe gisa izena emandakoak kontratatu beharko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak