Izendapenaren barruan sartzeko, baina, mahastiak legeztatuta izan
behar dituzte ekoizleek. Mahastiak legeztatuta izateak esan nahi du
landatzeko eskubidea izatea. Horretarako, behartuta daude eskubideok
erostera. Europak zeharo araututa dauka gai hori; hektarea kopuru jakin
batendako landatze eskubideak banatzen ditu herrialde guztien artean.
Gero, gure kasuan Espainiak Gipuzkoako Foru Aldundiari ematen dizkio
eskubide horiek, honek ekoizleen artean bana ditzan. Gipuzkoaren
kasuan, dagozkion eskubide guztiak banatuta daudenez, Espainiako
hainbat erkidegori erosi behar dizkiote eskubideok. Murtzia, Andaluzia
eta Gaztela-Leoni, hain zuzen ere. Guztira, 100 hektarea landatzeko
eskubideak erosiko dituzte mahastiak legeztatu beharrean dituzten
ekoizleek. Erosketa horiek egiteko tramitazioak egiten dabil Getariako
txakolin izendapenaren kontseilua, baina, ekoizleek jarri beharko dute
dirua.
Eskubide erosketa horiei esker, Debagoieneko hiru
txakolin ekoizleek, Kataidek, Otxiak eta Juanito Zelaiak, hamar
hektarea mahasti legeztatu ahal izango dituzte, eta era horretan,
Getariako txakolina izendapenaren barruan sartu ahal izango dira.
Felix
Etxagibel Otxia txakolindegiko nagusia pozik dago, baina,
Diputazioarendako kritikak ere baditu; izan ere, 1998an Europak eskatu
zien herrialde guztiei mahasti guztiak deklaratu zitzatela, denak
legeztatzeko. “Gipuzkoako Diputazioak, baina, ez zuen ezer egin; garai
hartan mahastiak genituenoi ez zizkiguten legeztatu, tren hura galdu
genuen eta orain daukagun aukera bakarra da EAEtik kanpo eskubideak
erostea. Ez dut uste justua denik gertatu dena, mahastiak legez kanpo
eduki behar izan ditugulako; eta gainera, orain, ekoizleok jarri behar
dugulako eskubideak erosteko dirua”, adierazi du Etxagibelek.
Otxiako nagusiak azaldu duenez, udazkenerako erosketak eginda izango
dituzte eta gero geratuko dena da Getariako txakolinaren izendapena
Gipuzkoa osora zabaltzeko prozesuarekin amaitzea. Prozesu horren
arduraduna da Gipuzkoako Diputazioa.