Antolatzaileen kezka bakarra eguraldia da; izan ere, eguraldi txarra dago iragarrita astebururako. "Ea oraingoan ez duten asmatzen eta tregua apur bat izaten dugun..." zioen Beñardo Kortabarriak eguazteneko aurkezpenean.
Kortabarriak eta Mirari Lamarianok azaldu zutenez, iazko apirilean ekin zioten Debagoieneko Trikiti Eguna antolatzaileari, Oñatirengandik lekukoa jaso bezain pronto hain zuzen. Ordutik makina bat ekimen izan dira dirua batzeko eta Antzuolako herriak emandako laguntza eskertu nahi izan zuten.
Trikiti festa
Debagoieneko herri guztietako trikitilariez gain, Soraluzekoak eta Zumarragakoak izango dira bihar Antzuolan. Soraluzek aurreko ekitaldietan ere parte hartu izan du; Zumarraga da nobedade bakarra. Antzuolan trikiti irakasle diharduen Edurne Iturbe Zumarragakoa da, eta horixe izan da hango trikitilariak gonbidatzeko arrazoia. Gaur egun 8-15 urte bitarteko 18 neska-mutiko dihardute Antzuolan trikitia ikasten Iturberekin.
Balentin Aperribai maisu beteranoa
Antolatzaileak herriko trikitilari zaharrak biltzen saiatu dira azken hilabeteotan eta 25 bat beteranok hartuko dute parte biharko jaian. Horietako gehienen maisua izandakoa da Balentin Aperribai eta bera izango da biharko protagonistetako bat. Beñardo Kortabarriak azpimarratu zuen moduan, "jaiotzez osintxuarra da, baina aspaldi Antzuolan bizi da eta orain dela 25 bat urte panderoa hasi zen erakusten etxeko sukaldean, bere borondatez. Han ibilitakoek oraindik gogoan dituzte saio haietan edandako Kas-ak eta Coca-Colak. Baldintza bakarra zegoen: gauerdirako saioa amaitzea".
Balentin Gabilondoren ilusioa gazteekin jotzea da eta horixe da festaren helburuetako bat: belaunaldi zaharrak eta berriak elkartzea. Kanpotik 320 bat lagun etorriko dira eta pilotalekuan egingo den herri bazkarian 500 lagun batzea espero dute antolatzaileek. Eguraldiak jaia borobiltzea besterik ez da falta. Datorren urterako lekukoa Soraluzek jasoko du.
EGITARAUA
10:30 Ongietorria eskolako patioan. Hamarretakoa.
11:30 Kalejira.
12:30 Trkiti eskolen emanaldia Zurrategin. Izaskun Fernandez eta Onintza Legorburu izango dira aurkezle lanetan. Balentin Gabilondori esker-ona.
14:30 Trikiti bazkaria pilotalekuan.
17:00 Trikizio taldearekin erromeria Zurrategin.
22:00 Bide Batez taldea Zurrategin.