Debagoieneko triatloi taldeko kideak pozik azaldu dira egindako urtearekin

Maider Arregi 2010ko uzt. 19a, 20:06
Kirolarien esfortzuak eta ahaleginak merezi izan du. Ibarreko triatletek aurten lortutako emaitzek argi azaltzen dute. Harrobia sendoa da; 23 urtez azpiko kirolariek ere, Euskadiko txapela jantzi dute-eta. Antxintxika eta Oñatiko Triatloi taldeak balorazio positiboa egin dute.


Aurtengoa  urte emankorra izan da Antxintxika Triatloi taldearendako. Inoiz baino titulu gehiago batu dute eta Aitor Rementeria lehendakari ordea, pozik azaldu da emaitzarekin. "Ia hamar urte daramatzagu eta urterik onena izan da guretzat. Gazte asko animatu da eta taldea hazi egin da. Zaletasuna goraka doa eta  dagoeneko 55 kide ditugu".
Harrobi oso sendoa datorrela azaldu digu Rementeriak: "Duatloi eta triatloietan 23 urtez azpikoek izan duten gorakada eta erakutsitako maila bikaina guztiz azpimarragarria da. Txikitatik dabiltza gurekin  txapelketetan; ikasketak eta kirola uztatzeko gai izan dira". Makina bat  titulu esku artean Antxintxikanekoek, aurten. Duatloiei dagokienez, Euskadiko eta Nafarroako duatloi zirkuituko taldekako sailkapenean, lehenak izan dira. Horrez gain, taldeko Alex Agirretxe izan da Euskadiko txapelduna duatloi luzean. Gurutz Larrea, berriz, 23 urtez azpikoen Euskadiko duatloiko zirkuituko txapelduna izan da. Negu txapelketari dagokionez, Juan Martin Elexpuruk Euskadiko txapela eskuratu du neguko duatloian,  eskiekin egindako proban.
Triatloian, Mikel Mujika da Euskadiko txapelduna 23 urtez azpikoen mailan.Taldeka ere primeran moldatzen dira. Euskadiko txapelketan bigarrenak izan ziren Hondarribian; Zarautzen, aldiz, hirugarrenak Euskadiko doble olinpiko mailan. Aipatu ere,   Soraluze-Bergara krosa antolatzen ari direla  azaroaren 6an egiteko.

Oñatiko triatloia osasuntsu

Oñatiko Triatloi taldeak ere, urteko balorazio ona egin du. Jesus Cantero taldeko kideak taldeka egindako bi txapelketa azpimarratu nahi izan digu: Senperekoa eta Hondarribikoa. "Beste lasterketetara baino jende gehiago joan gara Senpere eta Hondarribikora. 10-15 bat kide jai giroan eta disfrutatzeko helburuaz". Datorren urtean Oñatiko duatloi txapelketa hogeigarrenez egingo da. Edizio gehien dituen txapelketa da Oñatikoa. "Txapelketak oihartzuna izatea lortu dugu eta geroz eta parte-hartzaile gehiago ditugu; beti 300 lasterkaritik gora", dio Canterok.
Une honetan Oñatiko taldeak 30 kide ditu "Gure helburua da aurpegi berriak izatea; bai igeriketa edota bestelako kirola egiten dutenak animatzea. Hutsetik hasi nahi dutenek ere badute tokia". Une honetan Miriam Odriozola da taldeko emakume bakarra. Odriozolak urte polita egin du. "Miriamek aurten pare bat triatloi egin ditu eta oso ondo ikusi du bere burua. Neskak ere nahi ditugu taldea osatzeko". Caterok lasterkariek egindako lana ere nabarmendu nahi izan du: "Iñaki Pelayok Zarautzeko proba bikain egin zuen. 23 urtez azpikoen artean, Gorka Anduaga eta Iban Perezek egindako urtea azpimarratu nahi dut". Bestalde, beteranoen artean,  Jabier Zelaia eta Jesus Cantero aipatzekoak ere badira. Zelaiak distantzia luzeko probetan maila bikaina azaldu du. Canterok, berriz, taldekakoetan. "Aipamen berezia merezi du Unai Pedregalek Donostiako sprint-ean egindako lanak. Ondoren istripua izan zuen eta ezin izan zuen Donostiako proba olinpikoa egin. Taldekideon partetik animoak eman nahi dizkiogu. Zorionez, pixkanaka hobera doa, eta, laster errekuperatzea espero dugu".
Julen Kortabarriak, Oñatiko Triatloi taldeko kideak, egindako denboraldia ona dela esan digu."Aipatzekoa da Oñatiko  duatloia. Geroz eta jende gehiagok kontuan hartzen duen hitzordua da. Gainera, oso proba konpletoa, osatua da. Triatloiak egiten dituzten askok Oñatiko proba egitea nahi izaten dute". Herrian maila polita dagoela ere azaldu digu. "Gogorra da askotan, baina  esfortzuak merezi du. Konpromisoa behar da, baina, emaitzak merezi du".  Kortabarriarendako, ordea, urtea ez da amaitu. Abuztuaren 1ean, Iron Man proba latza egitera joango da  Erresuma Batura. Entrenamenduan buru-belarri dihardu Kortabarriak. Bergaran bizi den zornotzar batekin joango da Iron Man probari aurre egitera. Zorte on!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak