Debagoieneko suhiltzaileek 238 irteera egin zituzten iaz, gehienak suteengatik

Goiatz Arana Begiristain 2010eko martxoaren 23a

Kopuru hori 1.964ra ailegatzen da Gipuzkoako zortzi suhiltzaile etxeek egindako irteerak batuz gero.

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuak dira horiek: lurraldeko zortzi suhiltzaile etxeek, orotara, 1.964 irteera egin zituzten iaz; salbamendu kasuak izan ziren gehienak, eta suteak daude irteerak eragin zituzten arrazoien zerrendan hurrena.

Debagoienera etorrita, Oñatiko Zubillagako suhiltzaileek 238 irteera egin zituzten; sua itzaltzera atera ziren 115 alditan, salbamenduak egitera 108 bider eta laguntza teknikoa ematera sei kasutan; gainerako bederatzi irteerak alarma faltsuek eragindakoak izan ziren.

Esku-artze aipagarrienak

Joan den urtean izandako suteen artetik, Arrasaten izandako bat azpimarratu du Diputazioak: maiatzean Jokin Zaitegi plazan izandakoa; etxebizitza batean piztutako suaren eraginez, eraikin osoa hustu behar izan zuten. Salbamenduen atalean, bestalde, Arantzazun izandako bi esku-artze nabarmendu ditu: bihotzekoak emandako pertsona bat erreskatatu zuten ekainean, eta hanka harrapatuta zeukan zaldi bat abenduan.

Eskoriatzako AP-1 autobidean eta Oñatiko Arrikrutz kobetan, simulazio bana egin zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak