Debagoieneko Ospitalean urologia zerbitzua ipiniko dute otsailean

Arritxu Barruso 2009ko urtarrilaren 21a

Debagoieneko Ospitalean urologia zerbitzua ipiniko dute martxan otsailaren 2an. Ospitaleko gerente Jose Luis Angulok azaldu du pausu garrantzitsua dela emango dutena, oso zerbitzu garrantzitsua delako eta eskari handikoa. Santiago Ospitaleko zortzi urologo etorriko dira Arrasatera.

Debagoiendarrek aurrerantzean ez dute Gasteizko Santiago Ospitalera joan beharko urologoarengana. Otsailaren 2tik aurrera Debagoieneko Ospitalean urologia zerbitzua ipiniko dute-eta martxan.

Egun Santiago Ospitalean lan egiten duten zortzi urologo etorriko dira Debagoieneko Ospitalera, eta Gasteiz eta Arrasate bitartean jardungo dute lanean. Javier Extramiana doktorea izango du buru urologo taldeak.

Debagoieneko Ospitaleak emandako datuen arabera gaur egun gaixoen %80 Santiago ospitalera joaten dira urologia zerbitzuak behar dituztenean, eta gainontzekoak, %20 Txagorritxura edo Mendarora. Arrasaten ipiniko duten zerbitzu berriarekin espero dute Debagoieneko ospitalean 4.000 eta 5.000 gaixo bitartean artatzea urtean.

Ospitaleko gerente Jose Luis Angulok adierazi du pausu oso garrantzitsua dela emango dutena, urologia zerbitzuak eskari handia duelako, gaineratu du ospitalea ireki zutenetik betetzeko zegoen helburua dela. Angulok azaldu du, bestetik, urologo talde berriak beste espezialitate batzuei ere laguntza eskainiko diela: ginekologia, barne medikuntza eta kirurgia.

Kontsultak honako ordutegia izango dute: astelehen eta eguenetan 8:30etatik 17:30era, eta martitzen, eguazten eta barikuetan 16:00etatik 18:00etara.

Operazioak edo interbentzioak egiteko Santiago Ospitalera joan beharko dira gaixoan oraingoz, baina, aurreikusten da Debagoieneko Ospitale berria eraikitzen denean operazioak ere Arrasaten egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak