Debagoieneko Kirol Sariak banatuko dituzte gaur Oñatin

Xabier Urtzelai 2009ko abe. 18a, 10:54
Gaur, egubakoitza, arratsaldean banatuko dituzte Oñatiko Santa Ana antzokian (19:00) Debagoieneko Kirol Sariak. Ekitaldian 2009an kirolari onenak izan direnak aukeratuko dituzte –goian dituzue finalistak–, eta horrekin batera banatuko dituzte, besteak beste, talde onenaren saria, teknikari aipagarrienaren saria, babesle fidelenaren saria eta herritarren saria, jendeak Internet bidez (www.kirolsariak.com) aukeratutakoa.

Hain zuzen ere, DKSko koordinatzaileek azken sari horrek izan duen harrera ona azpimarratu dute: "Proposamen mordoa jaso ditugu webgunean, baina izenetatik eta zenbakietatik haratago, asko poztu gara ikusi dugulako jendeak eman dituen arrazonamenduek bat egiten dutela DKSk duen filosofiarekin, herriko kirolaren alde urte mordoa boluntario lanean dabiltzan jendea izan delako botatuena", adierazi du Artemaneko Gorka Etxabek. 

19:00etan hasiko da ekitaldia
Iazko DKSn moduan, aurten ere ahaleginduko dira ekitaldi arina egiten, entretenigarria. Momentu hunkigarriak ere izango ditu, oñatiarrek omenaldi berezia egingo diote-eta aurten hil den Jose Luis Agirreri, herrian oso estimatua zen gizona eta Aloña Mendiren alde horrenbeste lan egin zuena.
Epaimahaiko kideek errezelo handiz gorde dituzte sarituen izenak, eta onartu dute asko kostatu zaiela sarituak aukeratzea, ez baita batere erraza kirol modalitate ezberdinetan jarduten duten lagunen lana baloratzea. 


DKS 'Harmailatik' saioan
Gaur DKS ekitaldia bertatik bertara jarraituko ez duzuenok astelehenean bertan izango duzue sari banaketa telebistaz ikusteko modua, GOITBko Harmailatik saioa berezia izango delako (22:15). Horrekin batera, Gabonetan ere DKS ekitaldia eskainiko du Goiena Telebistak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak